Asier AIESTARAN
PILOTA

Lasok maisuki zigortu du Elordiren egun txarra eta Baikokoek finala gertu dute

Aurrelari nafarrak bikain jokatu duen bitartean, bizkaitarrak ez du bere eguna izan eta Zabaletaren lana saririk gabe geratu da oraingoz. Gaur Eibarren Altunak eta Tolosak irabazten badute, finalean izango dira aurten ere Baikokoak.

Unai Laso, pilota astintzen, Jose Javier Zabaleta lurrean erorita dagoela baliatuz.
Unai Laso, pilota astintzen, Jose Javier Zabaleta lurrean erorita dagoela baliatuz. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Unai Laso eta Ander Imaz Binakako Txapelketaren finaletik oso hurbil daude, Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta 22-19 menderatu ostean. Zabaletak maila bikainean jokatu zuen arren, Elordik ez zuen bere eguna izan, eta hori maisuki baliatu zuen Lasok neurketa bere alde erabakitzeko. Gaur Eibarren Altunak eta Tolosak irabaziz gero, finalean izango dira Baikokoak.

Egun handietako giroa sumatzen zen Labriten, harmailak leporaino beteta eta kantxan lau protagonistak oso serio. Aitor Elordik ezin hobeto erantzun du orain arte txapelketan, baina atzo hasieratik okertu zitzaion arratsaldea. Ausart jokatzen hasi zen, baina lehen tantoetan egin zituen hutsek erabat atera zuten neurketatik, eta horrelakoetan oso zaila izaten da norbere onera itzultzea.

Lasok gantxo bikain batekin ireki zuen partida, baina gorrien ondorengo hiru tantoak Elordiren opariak izan ziren. Konturatzerako markagailuak 5-1ekoa erakusten zuen, eta hortik aurrera Elordik erabat lotuta jokatu zuen, batere konfiantzarik gabe.

Hala ere, markagailuan ez zuten ihes egin Baikokoek. Jose Javier Zabaletak maila ederrean jokatu zuen atzo ere eta berak eutsi zuen bikotea une askotan. Imazek norgehiagoka guztian galdutako bizpahiru pilotak tarte horretan iritsi ziren, eta etxarrendarrak bi tanto segidan atzean eginda neurketa 7-7 berdindu zuen.

LASOREN ERAKUSTALDIA

Labriteko giroarekin batera berotzen joan zen Laso, eta partidaren erdialdean berak ireki zuen berriz zuloa markagailuan. Mota guztietako tantoak eginez -9-7koa txokoan, 10-7koa errebotean, 11-8koa sekulako horma-bikoa jota...-, tarteak handitzen joan ziren gorriak, handiena 15-10ekoan lortuz. Ordurako urdinek atseden bat eskatua zuten aurkarien erritmoa moztu nahian, baina arrakasta handirik gabe.

Kostata izan arren, lortu zuten urdinek berriz ere emaitza parekatzea. Nabarmena izan zen Elordik pauso bat atzera ematea erabaki zuela, serio jokatu eta oparirik ez egiteko gutxienez. Beraien jokamoldera hobeto egokitzen zen pilota bat ere kantxaratu zuten, eta Zabaletaren aginteari apurka-apurka zukua ateraz hurbiltzen joan ziren.

Elordik egindako lehen tantoa 15-11koan iritsi zen -ihes egindako pilotakada batean-; ondoren beste pare bat egin zituen txokoan, eta Zabaletak egurrean jarraitu zuen Imaz atzean zigortzen. Lasok kanpora bidalitako erremate batekin 19-19ra iritsi zen dema.

Baina beti errepikatzen dugu: izar handiak une zailenetan agertzen dira. Unai Lasok erresto sinestezin batekin bideratu zuen 20-19koa, eta 21-19koa saketik nahita jo zuen horma-bikoarekin sinatu zuen. Aukeratuek soilik egin ditzaketen jokaldiak. Gehitu zabalean Elordik jaso ez zuen pilotakada, eta horrelaxe erabaki zuen aurrelari nafarrak 22-19 amaitu zen partida.

«Aspaldi ez nuen egin eta horixe bururatu zait», bota zuen irribarre txikiarekin Lasok saketik egindako horma-bikoaz galdetuta. Jenioen gauzak. «Hasieratik oso gustura aurkitu naiz, partidan sartuta. Aurreko astean ere halaxe sentitu nintzen. Ezkerrez dena ongi atera zait, fisikoki ere ongi, eta agian beraiek apur bat urduri irten dira», onartu zuen pozarren nafarrak.

PROMOZIO MAILA

Promozio mailako Binakakoan erabaki da jada lehen bikote finalista. Larrazabal eta Eskiroz 16-22 gailendu ziren Zabala-Gaskueren aurka ostiral gauean Zeanurin, apirilaren 1ean Labriten jokatuko den finalerako txartela ziurtatuz. Bestalde, lehen ligaxkan bikote onena izan zena, Salaberria-Oier Etxebarria, aukerarik gabe gelditu da Bakaikoa-Morgaetxebarriaren aurka 22-9 galdu ondoren.