Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA

Leganes hankapean erabili eta gero, gorantz begira jar liteke IDK Euskotren

Endesa Ligako Fase Erregularra amaitzeko lau jardunaldi falta direnean, lau garaipen eta puntu aldea ditu talde donostiarrak Leganes azken-aurrekoarekiko. Beraz, maila mantenduko du eta zortzi onenen artean sailkatzeko aukera izango du.

Joy Adams partidako izarretako bat izan zen.
Joy Adams partidako izarretako bat izan zen. (@IBAETABASKET)

Datorren denboraldian ere hiru euskal talde izango dira Emakumeen Endesa Ligan. IDK Euskotrenek bere lanak bikain bete zituen atzo Innova Leganes 81-54 hankapean erabilita. Fase Erregularra amaitzeko falta diren lau jardunaldietan badaezpada jaitsierako postuei begira ez ekiteko, irabazi beharra zeukan IDK Euskotrenek, eta uste baino askoz errazago egin zituen bere aurkariarekikoak.

Lau jardunaldiren faltan, lau garaipenen aldea atera zuten Azu Muguruzarenek azken aurren doan Leganesekiko, puntu aldeaz gainera. Beraz, ez dute mailarik galduko eta, hala, Fase Erregularra amaitu bitarte, zortzigarren postu horrekin amets egiteko tartea izango dute, nahiz eta garaipen kopuru bertsuarekin -11 dituzte donostiarrek, zortzigarrenak baino bat gutxiago- hainbat talde dauden.

LEHENENGO LAURDENETIK

Talde bien arteko aldea aurreneko laurdenean finkatu zen. Aspaldiko partez, ukalondoko lesioa gainditu berritan, Tenerifen jokatu zituen bere aurreneko minutuak Maria Españak eta astebeteren ostean entrenamenduak mesede egin diola bistan geratu zen: 26-13 aurreneko hamar minutuen ostean.

Atsedenaldira bideko hurrengo hamar minutuetan abantaila kudeatu baino askoz gehiago ez zuten egin Azu Muguruzarenek. Egia da Houser eskolta txikiak zenbait saskiratze lortu zituela eta Vionise Pierre Louis, Donostian etxeko moduan jokatzea zer den badakien pibotaren bitartez, Madrilgo taldea saiatu zela hamar puntuz azpitik mantentzen bere desabantaila, baina azeleragailua zapaltzeaz bat aldea nahieran zabaltzen zuten etxekoek.

Hirugarren laurdenean nabarmendu zen batez ere nagusitasun hori. Atsedenaldira 43-29 iritsi ondoren, IDK Euskotrenek 17-0ko partziala sartu zuen; Nicole Cardañok jokoa banatu eta Coulibaly eta Joy Adamsen artean partida mila puska egin zuten. Pibotak 23 puntu eta 10 errebote pilatu zituen, eta 21 puntu sartu zituen hegaleko estatubatuarrak, Maria Españaren 16 puntuak ahaztu gabe. Horrela, IDK Euskotrenen aldeko abantaila 30 puntu ingururaino igo zen. Madrildarrek apur bat itxuratu zuten markagailua azken aldera, Azu Muguruzak aulkiko jokalari guztiei jokatzeko aukera eman zielako.