Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Anjel

Ipurdia esateko eufemismoa: “Erregearen aurpegia ageri zitzaion fraka apurturik”. Eta erregeari gutuna esaten zaio kaka egiteari. Ipuin-ziklo askotan ageri da erregearen ipurdiari buruzko pasadizoa. Peru eta Marixe sailekoa da jarraian ematen dudana... Anjel Lertxundiren “Letrak kale kantoitik” liburuan irakur dezakegu. Peruk erregea ikusi behar duela eta haren aurpegia nolakoa izango den kezka agertzen du. Gazte kuadrilla batek, hori jakitean, txantxa prestatuko dio. Haietako batek errege itxura hartuko du, baina aurpegi gisa ipurdia erakutsiz. Txantxetarako ipuinak, ahozko tradizioan askotan gertatu ohi den lez, hizkuntzaren eta azpiko ulermenen jolasa adierazten du.

Anjel Lertxundiren liburu hori harribitxia da ahozko kontaketan gabiltzanontzat; batetik, eskaintzen dizkigun ezagutzengatik eta, bestetik, egiten dituen gogoetengatik. Iaz argitaratu zuen ‘‘Desertuan behatxuloa’’ saiakeran ere harribitxiak topa ditzakegu; Axularren itzala galtzearen gainekoa, adibidez. «Sustraia esaten dugu, lurrarekin lotura fisikoa lehenetsiz. Axularrek-eta, ordea, itzala baliatzen zuten (…) eta espirituala da itzalak identitatearekin duen lotura: kontzientziaren eta tradizioaren itzal, noranahi daramagu gurekin. Axularrek Salamancaraino eraman zuen». Ahozkotasunak bere lanetan duen garrantziagatik, ongi merezia du Ahoz Aho jaialdiak emango dion Urrezko Kalabaza saria. Larunbatean Tolosan dugu zita, kontalariok eta literaturazaleok.