Zuriñe IGLESIAS SARASOLA

ERDIBIDEAN GERATU DA EMAKUMEZKOEN FUTBOLEKO LEHEN KROMO BILDUMA

Liga F-ko jokalarien kromo albuma egin dute aurrenekoz, baina erdibidean geratu da emandako pausoa, 150 jokalari baino gehiago geratu baitira bildumatik kanpo. Gainera, zenbait futbolari kromoetan ez agertzeko erabilitako irizpidea -ligan minutu gehien jokatutakoak agertzea- ez da kasu guztietan betetzen.

Emakumezkoen futboleko albumeko zenbait kromo; horien artean, Irene Paredes legazpiarrarena, Nerea Eizagirre tolosarrarena eta Ane Azkona iruindarrarena.
Emakumezkoen futboleko albumeko zenbait kromo; horien artean, Irene Paredes legazpiarrarena, Nerea Eizagirre tolosarrarena eta Ane Azkona iruindarrarena. (PANINI)

Joan den martxoaren 7an kaleratu zuten lehen aldiz Liga F-ko jokalarien kromo album ofiziala, emakumearen nazioarteko egunaren bezperan, hain zuzen. «Historiaren zati bat duzu eskuetan; gainditzeak, indarrak eta umiltasunak markatutako istorio bat, zeinean parte hartzen duzun», irakur daiteke kromo albumaren lehen orrialdean, Beatriz Alvarez Mesa Liga F-ko presidenteak idatzitako testua. Historia egin bai, baina erdibidean geratu da emandako aurrerapausoa, 150 jokalari baino gehiago geratu baitira bildumatik kanpo.

Polemika askoren iturri izan da Paninik zenbait jokalari albumetik baztertzeko hartutako erabakia. Izan ere, talde bakoitzetik hamasei jokalarik dute lekua kromo bilduman, entrenatzaileaz gain. Eta zergatik murriztu dute kopurua hamaseira? Eta, are gehiago, zein irizpide erabili dituzte jokalari bat edo bestea baztertzeko? Galdera horiek erantzunik gabe geratu dira, honela mintzatu baita Lluis Torrente Paniniko zuzendari nagusia: «Coca-Colaren sekretua inork esaten ez duen moduan, kromo bildumak egiteko moduaren sekretua ere ez dugu esango, gauza bera baita».

Torrenteren adierazpenak gorabehera, Paniniren bertsio ofiziala da hautaketa irizpidea jokatutako minutuetan oinarritzen dela -Alexia Putellas izan ezik, uztailetik lesionatuta baitago- eta hala jakinarazi omen ziela klubei.

IRIZPIDEA EZ DA BETI BETETZEN

GARAk kontsultatu dituen zenbait iturriren arabera, jokalarientzat berri ona izan zen albuma estreinakoz egiteko asmoa, baina bilduma jaso eta konturatu zirenean hamasei jokalari bakarrik agertzen zirela, harridura eta haserrea eragin zien. Itsusia baita kromoetan batzuk agertzea eta beste batzuk ez.

Euskal taldeen artean, minutuen irizpideari begiratuta, kromoetan egon behar luketen eta ez dauden jokalariak dira, besteak beste, Clara Pinedo Athleticeko erdilaria eta Ane Etxezarreta Realeko atzelaria. Aldiz, talde zuri-gorrian Amaia Peña atezaina eta Garazi Murua atzelaria albumean daude, ligan minutu bat bera ere jokatu ez dutenak. Horiez gain, deigarria da, esaterako, Yulema Corres Athleticeko jokalari mitikoa ez agertzea, ezta Marta San Adrian Alaveseko aurrelari eta taldeko golegile nagusia ere, Sara Carrillo bezala, lau gol sartutakoa.

Bestalde, talde txuri-urdinean huts larriena da Michaela Specht atzelaria kromoetan dagoela, dagoeneko klubean ez dagoenean -urte hasieran Donostia utzi baitzuen Hoffenheim Alemaniako taldera itzultzeko-. Realaren kasuan deigarria da ere Amaiur Sarriegi, Nerea Eizagirre, Elene Lete eta Mirari Uria ez beste euskal jokalari guztiak kanpoan geratu direla, halanola Iraia Iparragirre, Maddi Torre, Izarne Sarasola eta Cecilia Marcos.

Gainerako taldeetan zenbait jokalari esanguratsu ere falta dira. Aipagarrienak dira Bartzelonako jokalari diren Caroline Graham Hansen norvegiarra eta Ana-Maria Crnogorcevic suitzarra. Izan ere, Gram Hansen txapelketako eta munduko jokalari onenetako bat da -joan den urritik min hartuta egon da, eta hilabete hasieran jokatu zuen lehen aldiz lesioaz geroztik, Vila-Realen aurkako partidan, hat trick bat eginda, gainera-, eta Crnogorcevic hegaleko jokalariak 1.000 minutu baino gehiago jokatu ditu ligan, eta taldean minutu gehien jokatu dituzten hamar jokalarien artean dago, zazpi gol sartuta.

Horiez gain, ligako zenbait jokalari mitikoren hutsunea ere sumatzen da; esaterako, Bartzelonako Marta Torrejonena eta Sevillako Amparo Delgadorena.

JOKALARIEN EZINEGONA TWITTERREN

Graham Hansen berak txio bat argitaratu zuen Twitterren bere nahigabea modu ironikoan adieraziz: «Nire Paniniko kromoa aurkitzen duenak opari bat jasoko du!». Norvegiarraren taldekide Patri Guijarrok ere -zeina albumean agertzen den- adierazpen hau egin du bildumatik kanpo geratu diren taldekideei elkartasuna adierazteko: «Emakumezkoen futbolak badu lehen albuma! Beste pausotxo bat, baina pena da nire lagun guztiak ez agertzea... B Kromoak atera daitezke bilduma osatzeko?». Guijarrok airean utzitako galdera erantzunda zuen Paniniko zuzendariak, irmoki esan baitzuen bilduma kaleratu berritan ez zela kromoen eguneratzerik egingo, ez zegoelako astirik.

Joan den abenduan Liga F-k Paninirekin lortutako akordioari esker, emakumezkoen lehen mailako futbolak kromo album bat dauka aurreneko aldiz, -2026-2027ko denboraldira arte sinatu dute-. Espainiako Estatuan ez ezik, Europan ere lehenengo aldia da zaleek herrialde bateko emakumezkoen futboleko txapelketa gorenaren bilduma monografiko bat egiteko aukera dutena kluben mailan.