GARA
URRUÑA
MIGRANTEEKIKO ELKARTASUNA

Migranteei laguntzeagatik, Poliziak hiru lagun atxilotu ditu Urruñan

Polizia frantsesak hiru pertsona atzeman zituen atzo goizean Urruñan, migranteei «legez kanpoko laguntza ematea» leporatuta. Emazte bat bere etxean atzeman zuten eta beste etxebizitza batean bikote bat atxilo hartu zuten poliziek. Hendaiako komisariara eraman eta ordu batzuetara aske utzi bazituzten ere, «Poliziaren ekinmoldea irmoki» salatu zuten elkarteek.

 

Hiru herritarrak ordu gutxira aske utzi bazituzten ere, protesta ekintza egin zen Hendaian Poliziak duen komisariaren aitzinean.
Hiru herritarrak ordu gutxira aske utzi bazituzten ere, protesta ekintza egin zen Hendaian Poliziak duen komisariaren aitzinean. (Guillaume FAUVEAU)

Frantses Poliziak hiru pertsona atzeman zituen atzo goizeko seietan Urruñan, migratzaileei «legez kanpoko laguntza ematea» leporatuta, Euskal Irratiek jakinarazi zutenez.

Hendaiako polizia-etxean zenbait orduz atxiki ondoren hirurak aske utzi bazituzten ere, migranteen alde jarduten duten elkartasun taldeek ez zuten beren kezka ezkutatu.

Azken hilabeteetan, hainbat herritar atxilotu eta zenbait orduz polizia-etxean izan dituzte, muga zeharkatu ondoren karrika edo errepide bazterrean zeuden etorkinak artatu eta autoan eramateagatik.

Atzo Poliziak goizean goiz joan ziren Urruñara. Bidasoa Etorkinekin taldeko kide batek GARAri azaldutakoaren arabera, goizeko seietan abiatu zen operazioan emazte bat atzeman zuten, bere etxean, seme-alaben aurrean. Handik gertu bizi den bikote bat atxilotu zuten ondoren. Etxe biak miatu zituzten.

«Ekinmolde hori irmoki gaitzesten dugu eta berehala askatuak izan daitezela eskatzen dugu», adierazi zuen agiri baten bidez Etorkinekin Diakite federazioak. Baieztatu zuenez, Bidasoa Etorkinekin tokiko taldeko kide aktiboak dira hiru atxilotuak.

Hiru lagunak arrats hastapenean askatu bazituzten ere, PAFek (Aire eta Mugetako Polizia) Hendaian duen komisariaren aitzinean deitua zuten elkarretaratzea mantentzea erabaki zuten elkartasun taldeek, boluntarioen aurkako jazarpenari amaiera eman behar zaiola exijitzeko.

Baionako prokuradoreak, Jerome Bourrierek, hiru lagunei «atzerritarren sarrera, zirkulazio edo egonaldi irregularra erraztea» leporatzen dietela zehaztu zion aipaturiko hedabideari.

Bide seguruak

Lehen ere izan dira atxiloketak Bidasoako eskualdean muga zeharkatzen duten migranteei laguntza emateagatik.

2022ko martxoaren 9an Daniele Bideondo, Urruñako Herriko Etxeko hautetsi eta gizarte zerbitzuko ordezkaria, atxilotu zuen Poliziak herriko karrikaketan atzeman zituen bost migranteri laguntza emateagatik. «Migranteak Herriko Etxearen atarian babestu ziren eta laguntza behar ote zuten galdetzera joan nintzen. Baionara joan nahi zutela erran zidaten eta Pausa gunera laguntzea onartu nuen», azaldu zuen hautetsiak polizia-etxetik atera ondoren. Tokiko biztanleek militar zein poliziarengandik «presio etengabea» jasaten dutela adierazi zuen Bideondok, egoera «onartezina» dela gaineratuz.

Iazko uztailaren 7an, berriz, herri berean bizi den Eñaut Aramendi sindikalista atzeman zuten hiru migranteri laguntza eman ziela-eta.

Handik ordu gutxira askatu bazuten ere, LAB sindikatuak salatu zuen «Poliziaren kontrol arrazistek eta migrazio politika hiltzaileek bidean dauden pertsonak bizitza arriskuan jartzera behartzen» dituztela egunero. Daniele Bideondok egin bezala, migranteekiko elkartasunean jarduteko engaiamendua berretsi zuen Eñaut Aramendik ere.

Hilabete batzuk lehenago, Mikel Ibarguren idazlea hainbat orduz atxilotu zuten. Lapurdin bizi den zestoarrak Biriatuko ordainleku inguruan bost etorkin ikusi eta autoan hartu zituen Baionako Pausu zentrora eramateko. Migrante anitzek harrera-gune horretan atseden hartzen dute sarri muga zeharkatu ondoren eta bidaia jarraitu aitzin.

Poliziek berehala bidali zituzten bueltan gazte horiek Irunera. Aldiz, handik gutxira elkartasun taldeek jakinarazi zutenez, «finean lortu zuten Baionara iristea».

Zeresan handia eman zuen, lehenago ere 64 urteko emazte hendaiar baten atxiloketak. 2021ko abenduaren 16an andreak, hotzari eta euriari aurre eginez, auto-stop egiten ari ziren lau migratzaile ikusi zituen; tartean, emakume bat.

Laurak bere autoan hartu zituen Baionako Pausuko zentrora eramateko asmoz.

Poliziak emaztea Biriatuko ordainleku inguruan atxilotu eta 17 orduz atxiki zuen komisarian, haren semeak salatu zuenez.

Ez dira «trafikatzaileak»

Azken kasu hori ezagutu zen astean, migratzaileen alde jarduten duten herritarren lanari gero eta oztopo gehiago ezartzen zaiola salatu zuten elkartasun taldeek.

Halaber, migranteekiko elkartasuna ez dela krimena adierazi, eta ohartarazi zuten sostengu elkarteetara lotzen diren herritarren konpromisoa ez dela alderatu behar diruaren truke mugan migranteak pasarazten dituzten herritar eta sareekin. Mugaz bi aldeetako elkartasun taldeek pertsona migranteentzako bide seguruak izateko lan egiten dutela oroitarazi zuten.