GARA
DONOSTIA

Hiru krisi zentro irekiko dituzte Gipuzkoan 2023an, biktimei arreta emateko

Olano eta Peña, Aldundiko beste kide batzuekin
Olano eta Peña, Aldundiko beste kide batzuekin (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)

Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri du urte amaiera baino lehen 24 orduko hiru krisi zentro zabalduko dituela sexu indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko, eta beste bi babes zentro, Debagoiena eta Goierri eskualdeetan. «Helburua da Aldundiak gizarte larrialdiko zerbitzuaren bidez ematen duen arreta indartzea, hurbileko hiru zentro espezializatu zabalduta, emakume bakoitzari erantzun integrala emateko», azaldu zuen Markel Olano diputatu nagusiak, indarkeria matxistari aurre egiteko erakunde arteko mahaiaren aurkezpenean.

Mahai horren sorrerarekin, 24 orduko arreta zentroak irekitzearekin batera, lortu nahi dutena da indarkeria mota horri aurre egiten diotenei arreta integralagoa eskaintzea.

Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak defendatu zuenez, indarkeria matxistaren arazoaren konplexutasunak eta izaerak eskatzen dute berariazko esku hartze eredu bat hartzea, eta, horregatik, duela lau urte abian jarritako entzuteko eta aurrez ebaluatzeko prozesuaren ondoren, ereduaren printzipio eta gako batzuk definitu dira, «irizpide homogeneo eta adostuekin».

Diputatuak adierazi zuen, erantzuna antolatzeko eta zerbitzuak emateko moduak eragin nabarmena duela lortzen diren emaitzetan eta horien eraginkortasun mailan, eta gaineratu zuen indarkeria matxistaren arazoaren izaerak eta konplexutasunak «justifikatu egiten duela esku hartzeko eredu espezifiko bat egokitzeko beharra. Emakume bakoitzaren duintasuna, autonomia, segurtasuna, intimitatea, gizarteratzea eta erreparazioa bermatu behar ditu».