Alaia SIERRA
MIGRAZIO POLITIKA

Pasabide seguru bat Parisen kontrolaren aurrean

Beharrezkoa al da pasabide seguru bat Euskal Herrian? Galdera honi erantzuten saiatuz, solasean jardun zuten atzo NAIZ Irratian egindako saio berezi batean. Parisek ezarri zuen kontrolaren ondorioz, Irun eta Hendaia arteko mugaren egoerak arrisku gehigarriak eragin dizkie migratzaileei, eta okerrena da bederatzi heriotza izan direla dagoeneko.

Donostiako erredakzioan izan ziren hizlariak: Anaitze Agirre, Pernando Barrena eta Iker Barbero.
Donostiako erredakzioan izan ziren hizlariak: Anaitze Agirre, Pernando Barrena eta Iker Barbero. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Estatu frantsesak mugen kontrola zorroztu du 2018tik, terrorismoa ekiditeko modua dela aitzakiatzat harturik. Ordutik bederatzi hildako izan dira Irun eta Hendaia arteko muga igarotzen saiatzerakoan.

Donostiako eta Urruñako NAIZ Irratiko eta Mediabaskeko erredakzioetatik aldi berean eztabaidan izan ziren atzo Joseba Erremundeguy Euskal Elkargoko mugaz gaindiko kooperazioko kontseilari delegatua, Annick Trounday Pirinio Atlantikoetako departamenduko kontseilaria (Renaissance), Izaskun Bilbao (EAJ) eta Pernando Barrena (EH Bildu) europarlamentariak, Txomin Heguy Etorkinekin eta Diakiteko kidea, Anaitze Agirre Irungo Harrera Sarekoa eta Iker Barbero Zuzenbidean doktorea. Euskal Herrian pertsona migratzaileentzat pasabide seguru bat behar ote den eztabaidatu zuten, Ainara Rodriguezek eta Oihana Daguerrek zuzendutako mahai inguru berezi batean, ‘Bideak’ egitasmoaren barnean.

Eztabaidan iritzi orokorra izan zen Bidasoko mugaren militarizazioak eta kontrol zorrotzak ekarri dituen ondorio latzak gehiegizkoak direla eta migratzaileen giza eskubideak urratzen direla. Hortaz, alderdi eta testuinguru desberdinetatik pertsona hauen egoera hobetzeko beharra nabarmendu eta defendatu zuten.

Migratzaileek harrera eskaintzen lan egiten duten Txomin Heguyk eta Anaitze Agirrek, kontrola gogortzea beraien lana gogortu duela adierazi zuten biek ala biek. Agirreren hitzetan, honen aurrean «nabarmendu daitekeen alderdi positibo bakarra sareak sortu direla da».

Arazoa zuzenbidearen ikuspuntutik aztertzeko Iker Barbero izan zen mahai inguruan, zuzenbidean doktorea, duela hogei urtetik asilo politikoaz eta migrazioaz ikertu duena. Haren aburuz, kontrola zorroztu zenetik «Estatu frantses osoa muga bat da» eta gertatzen diren atxiloketetatik asko legez kanpokoak dira.

Annik Troundayk, Pirinio Atlantikoetako departamenduko kontseilariak bereziki adingabeen harreran lan egiten du. Azaldu zuenez, gurasoekin batera ez datozen adingabeak heltzen direnean, laguntza soziala eskaintzen diete, bereziki integrazioan oinarriturik. Horretan, gazteei lanpostu bat eskaintzeko enpresekin egiten dituzten hitzarmenak eta migratzaileen kultura ulertzeko egiten den lana nabarmendu zituen; izan ere, «kulturartekotasunak duintasunera eramaten gaitu». Hala ere, «benetako» harrera politikak izateko «hobetzeko aukera» dagoela onartu zuen.

Joseba Erremundeguy, horrekin ados, migratzaileen ibilbidea seguru bihurtzeko larritasunaz mintzatu zen. Bere ustez, «auzi humanitario bat da, eta gure ardura da gertatzen ari dena gelditzea». Horren mesedetan Ipar Euskal Herrian herri mugimenduak eta elkarteek duten eraginaz jardun zuen, egoerari erantzuna horien eta instituzioen arteko elkarlana delako.

Europak zer?

Europar Batasunaren migrazio eta asilo arauek ere eragin handia dute bere jatorrizko herrialdetik alde egiten dutenek aurkitzen dituzten oztopoetan. Pernando Barrena EH Bilduko europarlamentariak azaldu zuenez, diputatuen artean afera honek «sentsibilitatea» sortu duen arren, Europako Batzordeak berak «estatuei uzten die ardura», eta Schengen Akordioak duen aparteko neurriak hartzeko disposizio batez baliatzen dira Estatu frantsesaren jokaera argudiatzeko.

Bestalde, bideo bidez hitza hartu zuen Izaskun Bilbao EAJko europarlamentariak argi utzi zuen Euskal Herriko mugan gertatutako heriotzak Europar Batasunaren oinarriekin «bateraezinak» direla. Horren aurrean, Europako Kontseiluak «gardentasunez, apaltasunez eta koherentziaz» jokatzeko beharra adierazi zuen, baita erakundeen arteko koordinazioaren premia ere.

Ukrainako gerratik ihes egiten dutenei egindako harrera aipatu zuen Bilbaok. Horren harira, errefuxiatu hauen eta Bidasotik igarotzen direnen arteko alderaketa mahaigaineratu zen. Barrenak salatu zuen askotan bi motatako migratzaileen arteko bereizketa egiten dela: «onak eta txarrak». Hau da, errefuxiatuak direnak eta arrazoi ekonomikoengatik lekualdatzen direnak. Honekin ados agertu zen Joseba Erremundeguy, eta migratzeko arrazoiak «beti sufrimenduarekin harremana» daukatela gogoratu zuen.

Bestalde, Barrenak ohartarazi zuenez, eskuin muturrak Europako zenbait herrialdeetan boterean egoteak eragin zuzena du Europar Batasuneko migrazio politiketan, eskuin muturrak «askotan guregan eraginik izango ez duela uste dugun arren».

Schengen Akordioak migratzaileei ematen dizkien bermeez gain, Dublineko Hitzarmena delakoak sortzen du oztoporik handiena, eta bertan behera uztearen aldekoa da Barrena. Honen arabera, migranteak behartuta daude asiloa eskatzera beraien igarotzean sartu diren Europar Batasuneko lehenengo estatuan.

Beraz, argi geratu zen Irun eta Hendaia artean gertatzen dena, Europako beste toki batzuetan gertatzen den bezala, giza eskubideen eta Europar Batasunak berak ezartzen duenaren aurkakoa dela, baita legez kanpokoa ere batzuetan