Imanol CARRILLO
PILOTA

Magia beltzak finalik gabe utzi ditu Altuna eta Tolosa

Atzelari gipuzkoarrak zuntz haustura izan zuen partidako denborak maienatzen zebilen Altuna bikain batekin 19-16 irabazten zihoala. Hala, Elordi-Zabaletak lortu zuten finaletako txartela.

Altuna burumakur, eta bizkarrez Tolosa, atzo Bilbon Elordi-Zabaletaren aurka jokatutako partidako momentu batean.
Altuna burumakur, eta bizkarrez Tolosa, atzo Bilbon Elordi-Zabaletaren aurka jokatutako partidako momentu batean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Inork nahiko ez lukeen bezala sailkatu dira Elordi-Zabaleta Binakako Txapelketako finalerako. Xabi Tolosak zuntz haustura izan zuen atzo Bilboko Bizkaia pilotalekuko partida erabakigarrian Altunarekin batera 19-16 irabazten zihoala. Gorriak partida ikusgarri eta zirraragarria eskaintzen ari ziren: aurrelari amezketarra lehiako denborak maneiatzen eta betiko magia eskaintzen ari zen bitartean, Xabi Tolosa sendo ari zen atzeko koadroetan, Zabaleta defentsan behartuz. Baina, askok esango luketen bezala, gorriek magia beltza sufritu zuten atzelariak lesioa sufritu zuenean eta jarraitu ezinik agertu zenean. Gauzak hala, apirilaren 2an Iruñeko Nafarroa Arenan egongo dira txapelketa osoan oso maila altua eman duten Elordi-Zabaleta, Laso-Imazen aurka lehiatzeko.

Egia da urdinei ez zaiela meritua kendu behar. Txapelketa luze honetako bikoterik erregularrena izan dela argi eta garbi utzi dute. Baina atzokoan aurkariak puntu bat gorago zeuden, gehienbat Jokin Altunak bere eguna zuelako. Behin partida bertan behera geratu zenean, bai Elordi -negar malkotan- bai Zabaleta oso serio agertu ziren kamera aurrean gertatukoaz hitz egiteko momentuan. Jokin Altunak ere ezin izan zituen malkoak geldiarazi.

PARTIDA ZIRRARAGARRIA

Eta ez da gutxiagorako! Horren erakusgarri da lepo beteta zegoen Bizkaia pilotalekuak Tolosari egin zion omenaldia. Ikusle guztiak aulkitik altxatu eta sekulako txalo zaparrada jo zioten atzelariari aldageletatik atera eta agur esan behar izan zuenean.

Horrelako ekitaldi batean, jokoan hainbeste dagoenean, zaila gertatzen da lesio batengatik agur esatea. Baina are zailagoa izan behar du agur hori neurketa bikain baten ostean esan behar izateak. Izan ere, Altunak hasiera-hasieratik ipini zuen erritmoa, eta Tolosak bikain erantzun zion.

Nahi zutena lortu zuten: Zabaletak ezin zuen bere joko indartsua egin eta, gainera, inoiz baino gehiago saiatu behar izan zen defentsan.

Gorriak 3-0 eta 8-4 aurreratu ziren. Partida asko gogortzen hasia zen ordurako eta horren erakusgarri da 9-6 tantoa. 70 pilotakada izan zituen tantoan, Zabaleta asko behartu zuten. Etxarrengo atzelariak defentsan lan asko egin behar izan zuen eta nekearengatik huts egin zuen. Elordi, bitartean, ahal zituen aukerak aprobetxatzen saiatu zen eta airez zenbait tanto eder egin ahal izan zituen.

Lehiako lehenengo atseden luzearen ostean, gorriak zazpi tantoko aldeagatik irabazten zihoazen (14-7). Urdinek ez zuten aurkariak markagailuan gehiago alde egitea nahi eta, abantaila moztea lortu bazuten ere, Altunak bere makiltxo magikoa atera zuen berriro ere bereak egiten jarraitzeko.

Partidak tentsio eta polemikarako tartea ere izan zuen. Adibidez, Amezketakoak txokoan dejada batekin lortutako 15-10ekoan eta aurrelariak berak zabalean egindako beste ezker dejada batekin egindako 18-14koan Zabaletak, bi tantoetan, bigarren botean eman zion irudipena egon zen, baina epaileek aurrera egiten utzi zuten. Haserreak 19-15ean amaitu ziren, Tolosak zuntz haustura izan zuenean pilota bati ematerakoan. Ordura arteko ikuskizun itzelak zapore gazi-gozoari bide eman zion.

PROMOZIOKO FINALA

Lehen Mailako Binakako finala apirilaren 2an jokatuko da Iruñeko Nafarroa Arenan, baina horren aperitibo gisa, egun bat lehenago, Iruñeko Labriten, Promoziokoa jokatuko dute Larrazabal-Eskiroz/Zabala-Gaskue bikoteek.