Iraitz MATEO
DONOSTIA

Etxeko langileek gutxieneko soldata baino %40 gutxiago kobratzen dute

Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna da gaur, eta atzo Gipuzkoako etxeko langileen egoeraren berri eman zuten SOS Arrazakeriak antolatutako agerraldian. 2022an Etxeko Lanaren Araubide Berezia aldatu bazen ere, egoera prekarioan jarraitzen dutela salatu zuten. Soldatei dagokienez, gutxieneko soldata baino %40 gutxiago kobratzen dute.

Tatiana Bellorinek eta Marling Castillok eman zuten etxeko langileen egoeraren berri.
Tatiana Bellorinek eta Marling Castillok eman zuten etxeko langileen egoeraren berri. (Jon URBE | FOKU)

2022an aldatu zen Etxeko Lanaren Araubide Berezia: Europar Justizia Auzitegiak etxeko lanari buruzko espainiar legedia diskriminatzailetzat jo ondoren, espainiar Gobernuak 16/2002 Errege Dekretua onartu zuen, etxeko langileen lan baldintzak eta Gizarte Segurantza hobetzen duena. Gipuzkoako SOS Arrazakeriak agerraldia egin zuen atzo, legea aldatzeak dakartzan onurak, Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren Lan Arretako Bulegoan jasotako datuen txostena eta haien aldarrikapenak azaltzeko. Esan zutenez, etxeko langile egoiliarrek -lan egiten duten etxean bizi direnak- Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldatak (SMI) ezarritakoa baino %40,79 gutxiago kobratzen dute eta hainbat egoera arautu gabe daude.

2016an jarri zen martxan Gipuzkoako Lan Arretarako Bulegoa, Errenterian, eta bertan aholkularitza lanetan dihardute Tatiana Bellorinek eta Marling Castillok. Beraiek eman zituzten azken urtean jasotako datuak eta lege aldaketaren gaineko xehetasunak. Hasteko, aipatu zuten «nabarmen» igo dela 2022an izandako hitzordu kopurua, baita artatutako erabiltzaileena ere: %80 langile gehiago artatu dituzte; 206, zehazki.

Latinoamerikako emakumeak dira nagusi etxeko lanaren sektorean, txostenaren arabera, Nikaraguatik eta Hondurasetik etorritakoak gehienak. Azaldu zuten arreta bulegoaren jarduera eremuak Irun eta Donostialdea hartzen dituela batez ere. Nahiz eta Tolosaldeko, Buruntzaldeko eta kostako gero eta langile gehiago hurbiltzen diren.

ALDAKETAREN ARGI-ILUNAK

Aitortu zuten zenbait «aurrerapen garrantzitsu» ekarri dituela legearen moldaketak. Batetik, etxeko langileen langabezia eskubidea onartzea; bestetik, justifikatu gabeko kaleratzea ezabatzea; hau da, enplegatzaileak arrazoirik eman gabe egin zezakeen kalera zezakeen langilea lehen, eta orain ez. Hirugarrenik, indargabetu egin da Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 3.4 artikulua; izan ere, bere aplikazio eremutik kanpo uzten zuen etxeko lana.

Lege berriarekin lanbide arteko gutxieneko soldatak azken urteetan izan duen igoera positibotzat jo zuten, nahiz eta esan zuten barne erregimenean dauden etxeko langileen kasuan oraindik gutxienekora iristeko asko falta dela. «Ulertezina» zaie oraindik hainbat gai landu gabe egotea.

Eskumena duten erakundeek etxeko langileen baldintzak kontrolatzea beharrezkoa dela esan zuten, administrazioak ez duela horien kontrolerako mekanismorik sortu. Alde, horretatik, garbi adierazi zuten bermeak behar direla: «Orain arteko legeak betetzen ez baziren, berriak ez dira beteko, haien aplikazioa fiskalizatzen ez bada».

Bestalde, Gipuzkoako zaintza sistemaren bideragarritasuna etxeko langile askoren esplotazioan oinarrituta dagoela adierazi zuten, eta politika publikoen diseinu integral bat eskatu zuten.

Atzerritartasun Legean ere jarri zuten arreta. Izan ere, lege horrek lan esplotazioa errazten duela salatu zuten: «Lan kontratu jakin batekin erregularizatu den atzerritar batek ezin dio bere borondatez uko egin erregularizazioari lehen urteetan, Atzerritartasun Ordezkaritzak egoitza baimena kentzeko arriskua hartuko lukeelako». Etxeko langileen erretiroen gaia «premiaz» mahai gainean jartzeko eskatu zuten: «Ezin dugu onartu, esplotatu ondoren, prekaritatera kondenatuta egotea».

ETXEKO LANGILEEN ERRADIOGRAFIA

Egoera gatazkatsuena egoiliarrak diren langileei dagokie; %64,5 dira egoiliarrak, artatutakoen bi heren. Eta egoera administratiboari dagokionez, %41 egoera irregularrean dago. Ikasketei dagokienez, bulegotik igarotako langileen erdiek baino gehiagok erdi mailako edo goi mailako ikasketak dituzte, eta azpimarratu zuten ikasketak homologatzeko zailtasunak topatu dituztela.

Egoera irregularrean dauden langile egoiliarrek dituzte lan baldintza okerrenak, soldata txikiagoa dute, eta maiz oporrak zein jaiegunak hartzea ukatzen zaiela kontatu zuten. Eskubide urraketa hauen aurrean «paperik ez duzunez, eskubiderik ere ez duzu» entzun izan dutela sarri aitortu zuten.

Arreta bulegotik igarotako etxe barneko langileek batez beste 58,65 ordu egiten dituzte lan astean, hileko 1.065 euroko soldata gordinaren truke; alegia, SMIk ezarritakoa baino %40,79 gutxiago, eta hori, gaualdien balioa kontuan hartu gabe. Kanpoko erregimenean lan egiten duten langileen artean, aldiz, batez besteko soldata SMIa baino %2,34 handiagoa zen.