Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
PILOTA

Larrazabal-Eskiroz dira finaleko faboritoak, Zabala-Gaskuerentzat

Promozioko Binakako Txapelketako finala larunbatean izango da. Eskirozek eta Zabalak badakite zer den horrelako final bat irabaztea. Gaskuerentzat eta Larrazabalentzat, aldiz, lehenengo finala izango da. Ligaxkan erregularragoak izan dira Aspekoak.

Eskiroz, Larrazabal, Zabala eta Gaskue, atzo Labriten egin zen material aukeraketan.
Eskiroz, Larrazabal, Zabala eta Gaskue, atzo Labriten egin zen material aukeraketan. (ASPE PELOTA)

Igandeko final handian begia jarrita edukiko dute pilotazale askok, baina larunbatean Javier Zabala-Andoni Gaskue eta Iker Larrazabal-Iosu Eskiroz bikoteek hitzordu garrantzitsua izango dute Iruñeko Labriten, Promozioko Binakako Txapelketako finala jokatuko baitute 17.00etatik aurrera. Haientzat agertoki aparta izango da, duten maila erakusteko eta pilotari onenekin lehiatzeko gai direla baieztatzeko.

Finala berezi egiten du bikote bakoitzetik batek txapela irabazi duela, eta besteek estreinako finala jokatuko dutela. Alde batetik, Eskirozek eta Zabalak badakite zer den horrelako final bat irabaztea: Makirriaineko atzelariak 2020an irabazi zuen Asier Agirrerekin batera, eta Errioxakoak iaz irabazi zuen Oier Etxeberriarekin. Beste aldetik, Gaskuerentzat eta Larrazabalentzat aurreneko finala izango da.

Amurrioko aurrelariak txapela lortuko balu, esanahi handia edukiko luke Araban. Izan ere, duela 20 urte lortu zuen Aitor Pinedok arabarrentzat azken txapela. Larrazabalek adierazi du txapela irabazten badu, ez dela berarentzat izango, «arabar guztientzat baizik».

BAIKOKOAK ONENEKIN

Baikokoek aukera izan dute Binakako Txapelketan aritzeko. Makirriaineko atzelariak ezin hobeto probestu du bere aukera, zazpi partidetatik hirutan gailenduta: Peñarekin bi neurketa irabazi zituen eta beste bat galdu, eta Lasorekin bi galdu eta bat irabazi -kontuan hartuta, galdu zituenetatik bi Elordi-Zabaleta ligaxkako bikote onenaren aurka izan zela-. Bereziki nabarmentzekoak, Peñarekin lortu zituen garaipenak Laso-Imaz eta Jaka-Aranguren bikoteen aurka, ez baitzen lan erraza Mariezkurrena bezalako atzelari bat ordezkatzea.

Amurriokoa ere ez da atzean geratu, eta Eskirozen antzera, Baiko enpresak pilotari onenekin jokatzeko emandako aukera aprobetxatu du, eta nola, gainera. Urrutikoetxea aurrelaria ordezkatu du partida guztietan, eta emaitzez harago -hirutik soilik bat irabazi baitu, aintzat hartuta, galdu dituenak Elordi-Zabaleta eta Altuna-Tolosa bezalako bikoteen aurka izan dela-, maila ona eman zuen bereziki Elordi-Zabaleta bikotearen aurkako partidan, jokoaren erritmoa markatuz eta tanto ikusgarriak amaituz.

Binakako Txapelketa nagusian jokatzeko izan duen aukeraz mintzatu da Amurriokoa Euskadi Irratian, eta adierazi «halako» pilotarien aurka jokatzeak, «hala nola Altunaren kontra, beste maila bat» eman diola. «Albisurekin oso ondo jokatu nuen, eta momentua aprobetxatu dut. Pozik nago egindakoarekin», nabarmendu du 20 urte besterik ez dituen atzelari arabarrak.

DEMA «OSO GOGORRA»

Atzo Labriten egin zuten material hautaketa Zabala-Gaskuek eta Larrazabal-Eskirozek. Aspeko bikoteak «faboritotzat» jo zituzten Baikokoak, elkarren aurka jokatutako azken bi neurketetan haiek izan direlako garaileak -batean 22-16, bestean 22-13-. Hortaz, espero dute larunbatean bolada txar horri amaiera ematea: «Larrazabalek eta Eskirozek txapelketa oso ona jokatu dute, eta azken bi partidetan irabazi egin digute; baina guk atzetik aurrera egin dugu, eta orain une onean gaude», nabarmendu zuen Zabalak. Errioxako aurrelariaren bide beretik, Gaskuek gehitu zuen Eskiroz-Larrazabal bikote «oso gogorra» dela eta beraiek dutela «irabazteko presioa».

Elkarren aurka jokatu dituzten partidetan Baikoko bikotea gailendu den arren, ligaxkan Aspekoak izan dira erregularragoak, bederatzi lehia irabazita -Larrazabal-Eskirozek zazpi irabazi dituzte-. «Partida oso gogorra izango da. Iosu [Eskiroz] sekulako atzelaria da, bi eskuekin ondo moldatzen da eta ez du ezer oparitzen. Ikerrek [Larrazabal] sekulako kolpea du eta min asko egiten du», adierazi zuen Gaskuek.

Horrez gain, nafarraren ustez, finaleko gakoa Zabaletaren eta Larrazabalen artean egongo da: «Aparteko bi aurrelari dira, indar handikoak, eta edozer gauza egiteko gai dira». Aspeko aurrelariak esan zuen jokoa «atzean eusten» saiatuko direla. Baikoko bikotearen aurka azken partidetan egin zituzten akatsen inguruan, Zabalak nabarmendu zuen kontuan hartu behar direla «egindako akatsak eta aldatzen saiatu». Errioxako atzelariak aipatu zuen norgehiagokan «abiadura» ezartzen duenak izango duela «jokoaren ekimena».

Labriteko pilotalekuan giro ona izango da nagusi, eta Gaskueren iritziz, hori «motibazio iturria» izango da haientzat: «Ez dugu beti hainbeste jende ezagunarekin jokatzen, ezta hainbesteko giroarekin ere». Era berean, Zabalak adierazi zuen espero duela emaitza iazkoa bezalakoxea izatea, txapela lortzea, alegia.