NAGORE BELASTEGI
DONOSTIA

Maputxeen gatazka dakar Iraultza eta Zigorren azken abenturak

«Lurrean haziak» da Asel Luzarragaren Iraultza eta Zigor nerabeen trilogia ixten duen liburua, amaren sorterrira, Argentinara, eramango dituena. Han lagun maputxe bat egingo dute, eta Iraultza harekin batera bahitua izango da.

Asel Luzarraga, eman berri duen azken liburu «Lurrean haziak» eskuan.
Asel Luzarraga, eman berri duen azken liburu «Lurrean haziak» eskuan. (Maialen ANDRES | FOKU)

Iraultza eta Zigorren abentura berri bat dakar Asel Luzarragak. “Lurrean haziak” (Elkar) trilogia baten azken partea da. Traola bildumaren barruan jasoa, gazte literatura da, baina «beti diogun bezala, literaturak ez du adinik», aipatu zuen Antxiñe Mendizabal editoreak aurkezpenean. Izan ere, Luzarragaren pertsonaiak nerabeak diren arren, jorratzen diren gaiak helduak dira, gizartean dauden arazoen ingurukoak.

Hala, lehen liburuan, “Uzta garaia”, bi protagonistak aurkezten zaizkigu, 14 urteko Iraultza eta Zigor bikiak. Iraultzaren senari jarraituz, kanpamentu batera iristen dira eta han sasoikako langileak ezagutzen dituzte, eta, horiekin batera, ezagutzen ez zuten beste errealitate bat. Jabetza pribatua, kapitalismoa eta giza esplotazioa jorratzen dira lan horretan.

Bigarren liburuan, “Katuak jandakoa”, mihirik gabe jaio diren bi haurren kasuari jarraitzen diote anai-arrebek. Metafora bat da eta gizartean dugun demokrazia auzian jartzen da, baita erlijio berria bilakatu den zientzia ere.

Argitaratu berri den “Lurrean haziak” liburuan, nerabeak amaren herrialdera doaz oporretan, Argentinara. Kontatzen denari esker «gure ongizatearen oinarria dena, kolonialismoa eta beste indigenen zapalkuntza» aztertzen da. Izan ere, «gu oso harro gaude euskaldunak Europako azken indigenak garelako, baina beste herri indigenekin ez gara hain adeitsuak izan», azaldu zuen Luzarragak.

Lehengusuaren bitartez maputxea den gazte bat ezagutuko dute, eta orduan ikasten dute maputxeen herria bitan banatuta dagoela, zer diren matxiak (xamanak, gehienetan emakumeak, herri zientziaren zaintzaileak direnak) eta zergatik ez dauden Argentinako eremuan.

Liburua idatzi aurretik, Santiago Maldonado desagerrarazi zuen Gobernuak, maputxeen kasu baten alde borrokatzen zelako, eta, horri keinua eginez, istorioan maputxe laguna eta Iraultza bahitzen dituzte. Kontakizuna, hain zuzen ere, hortik hasten da eta flashbacken bidez argitzen da nola iritsi diren horra.

2020an otu zitzaion trilogia egitea. Konturatu zen gazteei zuzendutako bere liburu guztiek badutela zerbait amankomunean eta guztien artean unibertso literario bat eraikitzen ari zela. Eta, kasu honetan, «Euskal Herrian dugun gizarte demokratikoari begirada kritikoa» zuzendu nahi zion, bikien abenturekin oinarri batzuk ukituz. Istorioa Ondarrate herrian hasten bada ere -Urdaibain kokatutako alegiazko herria-, munduko beste errealitate batzuk ere islatzen dira.