Amaia U. LASAGABASTER
F LIGA

Motibazioa suspertzeko aukera onena eskainiko dio derbiak Realari

Helburu guztiek ihes egin ondoren, denboraldiko bolada txarrenean murgilduta, talde zuri-urdinak Athleticen bisita hartuko du igandean Reale Arenan. Bizkaitarren aurka jokatutako azken lau partidak irabazi ditu Realak.

Jokalarien eta kazetarien arteko topaketa antolatu zuen Realak atzo Zubietan.
Jokalarien eta kazetarien arteko topaketa antolatu zuen Realak atzo Zubietan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Denboraldia luze egiten ari zaio Realari. Urtarrilean ilusio guztiek ihes egin eta ikasturte gogor baten neke osoa etorri zitzaion gainera. Helburu apalagoak ezartzen saiatu dira zuri-urdinak -laugarren postua, lehen itzulian galdu ziren partidak irabazi...- motibazio bila, baina momentuz taktika horrek ez die funtzionatzen eta, hain zuzen, denboraldiko boladarik txarrenean daude, azken zazpi partidetatik bakarra irabazita.

Konponbidea, epe motzean behintzat, egutegiak ekar diezaieke, igandean motibazioa suspertzeko hitzordu egokienari ekingo baitiote, Athleticen kontrako derbia, gainera Reale Arenan jokatuko dena (12.00). Horrela onartu zuten jokalari zuri-urdinek klubak atzo Zubietan hedabideekin antolatutako topaketan. Adostasuna orokorra izan zen, hiru puntuak eskuratzeko jokoa hainbat arlotan hobetu beharko dutela aitortzean.

«Pena ematen dit nahi ditugun emaitzak lortu ezin izatea. Bereziki gogorra da iaz bigarren postua lortu zuen talde batentzat», azaldu du Andreia Jacintok. «Baina, alde batetik, beste helburu batzuk ezartzeko gai izan behar dugu, asteroko partida irabazi, ondo amaitu, joko ona egin… Bestetik, ezin dugu ahaztu talde on bat daukagula, emaitzak nahi genituenak ez izan arren. Nik ikusten dut taldeak duen kalitatea eta gustatuko litzaidake kalitate hori asteburuero erakusteko gai izatea».

Azken aste hauetan ez dute lortu. Iazko bigarren postua errepikatu ez eta, Liga gaur amaituko balitz, azken zortzi urteetan izan duen posturik txarrenean amaituko luke taldeak. Arrazoi ugari dago, Izarne Sarasolaren ustez: «Uda arraroa izan zen, asko kanpoan izan baikinen lehiatzen eta aurre-denboraldian ezin izan genuen ia parte hartu; gero Liga hasiera gogorra eduki genuen Championsarekin… Eta urtarrilean partida asko eduki genituen eta, bestetik, hasieran genituen helburuak galdu genituen. Horren ondoren kostatzen ari zaigu, eta hiru puntuak lortzen ez dituzun igande bakoitza mentalki zaila da». «Astean zehar ondo entrenatzen dugu -esan du hegalekoak-, baina gero ez dugu lortzen partida biribila egitea. Golak sartzea kostatzen ari zaigu, atzean akatsak egiten ari gara… Horrela zaila da hiru puntuak eskuratzea».

Aurrekoak Alavesen kontrako derbian lortu zituen Realak, eta hurrengoak igandeko derbian izatea espero du Ibarrakoak. «Helburua hori da. Derbia jokatzea beti da polita -Izarnek berak iaz San Mamesen debutatu zuen lehen taldearekin-, gainera Reale Arenan… Espero dut jendea etortzea, haien laguntza behar baitugu, eta espero dut hiru puntuak etxean geratzea».

Horretarako badago zertan hobetu. «Batez ere defentsan pixka bat fuerteago ibili behar dugu, eta partidara ondo sartu. Azken aldian bigarren zatietako hasierako minutuetan sartu baitizkigute golak, eta hori zaindu beharra dugu. Eta goian ere gol gehiago sartzea falta zaigula uste dut».

«Gol aukerak aprobetxatu behar ditugu -aipatu du Andreiak-. Eta kontrol emozional handiagoa izan behar dugu, batez ere gol bat hartzen badugu. Gola hartzen baduzu bizirik segi dezakezu, partidan sartuta, baina guk batzuetan burua galtzen dugu. Hori aldatu behar dugu, eta lasaitasuna mantendu». Portugalgoaren ustez badaude mantendu beharreko bertuteak ere: «Baloia oso ondo ukitzen dugu eta gol aukera dezente sortzen ditugu. Hori egiten badugu eta defentsan kontzentratuta bagaude, irabazteko behar duguna izango dugu».

Helburuari eustea espero du Andreiak, Athleticek «oso aurkari arriskutsua dela» onartu arren. «Baina derbia irabazi nahi dugu. Garaipenagatik beragatik eta hurrengo partidei aurre egiteko ere ondo etorriko zaigulako». «Beti nahi ditugu hiru puntuak baina derbia beti da bereziagoa», esan du Izarnek.

LAU JARRAIAN

Duela zenbait urte ez bezala, Realaren garaipena ez litzateke ezustekoa izango. Hierarkia aldatzen joan da euskal futbolean. Derbietan ere nabaritzen da, topikoei jarraituz, partida intentsoak, itxiak eta gol gutxikoak izaten segitzen duten arren. Baina markagailuak zuri-urdinez tindatu dira azken aldi honetan, eta badira bi urte Athleticek Realaren aurkako azken garaipena lortu zuela; Lezaman izan zen, 20/21 denboraldiko azken aurreko jardunaldian.

Harrezkero, talde donostiarrarentzat izan dira derbiak. Iazko denboraldiko biak irabazi zituen (0-1 eta 1-0); aurten lehen itzulian San Mamesen jokatutakoa ere bai (1-3); eta udan jokatutako Euskal Herriko Kopako neurketan ere Reala gailendu zen (3-1).