IKER GURRUTXAGA
MUSIKHARIA
Elkarrizketa
Paule BILBAO AJURIAGUERRA
Arima taldeko abeslari, gitarra-jotzaile eta liderra

«Nire ziurgabetasun eta kezka nuklearrenak atera nahi izan ditut»

Bakarrik hasi eta pixkanaka garatzen joan den proiektua da Arima. Izenak berak dioen arren, horixe baita abesti bakoitzean Paule Bilbao Ajuriaguerrak eskaintzen duena. “Beldurrez beste egitean” lau kantuz osatutako diskoa kaleratu berri du Bonberenea Ekintzak zigiluarekin, eta haren sorkuntzaren berri eman digu.

(Eneko PEREZ ARNAIZ)

Martxoaren 17an atera zen «Beldurrez beste egitean» eta nitxo batean behintzat, shoegaze mugimenduaren barruan, kritika oso ona izan du.

Bai, izan liteke.

Dena dela, musika egiteko bide hau guztia nondik datorkizu?

2018an hasi zen Arima eta une horretan nituen kezka eta ezinegonak plazaratzea zen hasierako helburua. Orduan, bakarrik konposatu nituen abestiak. Josu Gonzalez (baxua) eta bioi nire aita [Gontzal Bilbao] gehitu zitzaigun. Orain Josu Palacios sartu da taldean gitarra jotzen eta laukote moduan nire erraietako guztia plazaratzea izan da helburua. Nire ziurgabetasun eta kezka nuklearrenak atera nahi izan ditut; biluzte moduko bat izan da.

Josu Palacios gehitu da taldera. Askatasun handiagoa duzu orain abesteko orduan?

Konposatzeko orduan ez zen gurekin egon baina, gero, zuzenekoetan, beste espektro bat irekitzen du. Gitarren arteko jolasak egitea eta soinu eta testura asko sortzea ahalbidetzen du. Lehen looperrarekin egiten nituen geruza guztiak, baina orain ate berri bat zabaldu zait eta marjina handiagoa dut abesten zentratzeko, nahiz eta ez naizen abeslaria. Urteen poderioz eta kontzertuak egin ostean erosoago nabil kantuan. Hala ere, gitarra-jotzaile izendatzen dut nire burua, egun abeslariagoa naizen arren.

Oihartzun eta distortsioek Donostiako euria ekarriko omen digute disko honetan.

Modu sinboliko batean, euriak Donostiako hirian egindako negarrak irudikatzen ditu, baina baita freskotasuna ere. Hori da irudikatu nahi izan dudana. Diskoa bera Donostiari idatzitako agur gutun moduko bat da, agurtzeko modu polit bat. Ez hiriari bakarrik, baita harremanei, geografiari… modu holistiko batean lau urte horiei abesten diet.

Orain ulertzen dut «Beldurrez beste egitean» izenburua.

Poetikoki, akaso, bada beldurrak gainditzea, eta beste etapa baten hasiera markatzen du esaldiak, eta, duen soinua gogoko nuenez, izenburu hori jarri nion.

Atentzioa ematen du instrumentu bakoitza zeinen orekatuta entzun daitekeen diskoan. Planoak desberdintzea ere kosta egiten da.

Zaila izan da, diskoa konposatzerakoan maila pertsonalean ez nintzelako nire unerik onenean aurkitzen. Uda osoa eman nuen diskoa sortzen. Abestien muinera joatea zen sorkuntzako ideia nagusia, adierazi nahi nuen hori entzun zedila, kantuak zer behar zuen argi uztea. Aurreko diskoetan xehetasun gehiegi zeuden, geruza gehiegi, eta akaso ez zen argi ikusten. Estudiora itxita eraman genuen dena; gero estudioan pare bat pedalekin efektuak doitu genituen, baina gutxi gehiago.

Jendea barrura begira jarri nahi duzu zure abestiekin?

Bai, bai. Batzuetan akaso metaforikoegi jartzen naiz, baina norberak bere irakurketak egin ditzan eta beretik jar dezan gogoko dut. Bakoitzak bere mundura eramaten duenean sortzen da kantu baten alde ederrena.

Konposatzen hasten zarenean, riff batetik, melodia batetik edota erritmo batetik abiatzen zara?

Normalean riff batetik hasten naiz, baina erritmo bati lotuta doa niretzat. Oso modu perkusiboan jotzen dut gitarra, hasiera batean bateria jotzen nuelako aitak erakutsita. Hortaz, erritmika hori modu inplizituan beti ateratzen da.

Inoiz tentatu zaitu disko bat zuk zeuk osorik egiteak?

Bada, pentsatu izan dut. Baina nik uste dut gainontzeko taldekideek egiten duten ekarpenak aberastasuna ematen diotela idazten dudanari eta asko zabaltzen dela proiektua. Bakoitzak bere kutsua ematen dio eta oso berezia da hor sortzen den unea. Partekatu eta zerbait kolektiboa sortzea ederra da, gainera. Baina ez dut baztertzen disko bat osorik egitea.

Diseinuan orain arte zu aritu zara; oraingoan Ramon Zabalegiren artelan bat dago azalean. Zerk bultzatu zaitu aldaketa hori egitera?

Bada, ez dakit, baina diskoaren azalean mihise bat izatea nahi nuen eta, Ramonen obra asko gustatzen zitzaidanez, bera zen egokiena. Diskoari eta kontzeptuari buruz hitz egin genuen eta oso pozik geratu naiz emaitzarekin.

Diskoa erosten duenak bi artelan eskuratuko ditu, hortaz.

Bai, eta fisikoa oso gogoko dudan formatua da. Bai azala, bai biniloa eta baita inserta ere. Gainera, orain, postal batzuk ere egin ditugu Donostian ateratako argazki batzuekin. Gero, atzean testu batzuk idatzi ditut, euskaraz eta gazteleraz, eta Donostian bizi izandako istorio hori guztia ere gordetzen dute postalek.

Kantu bakoitzarekin zenbat ordu pasa zenitzaketen estudioan?

Estudioan ez hainbeste, dena astebetean egin genuelako. Baina ni nahikoa obsesiboa naiz konposatzeko garaian, eta gainera ez nengoen unerik onenean, nahiz eta sortzerakoan iluntasuna naturalki etortzeko bidea eman dezakeen horrek. Zaila izan zen guztia sortzea, eta, egiari zor, lanik egiazkoena eta zintzoena dela esan dezaket. Une horretan konposatu nuenez, ez dago distortsiorik garaiko errealitatearekin; ez nuen iraganeko oroitzapenetan bila ibili beharrik izan.

Borroka amaigabea al da desiraren eta beharraren artekoa?

Harremanetan beti dago dikotomia hori. Izan jende berria ezagutzean edo aurretik sortuta dagoen magiagatik. Baina borroka hori uste dut ez dela inoiz bukatzen, mahai gainean jarri beharreko galdera zen. Planteatu egin behar da askotan harreman baten helburua zein den. Horren inguruan nabil hausnarketan azkenaldian eta mahai gainean jartzeko moduko galdera dela uste dut.

Izkander Fernandezek esaten zidan Slowdive taldearen musika izan daitekeela zuenarekin alderatzeko modukoa.

Hori hala balitz, izugarria izango litzateke. Duela zortzi urte-edo ezagutu nuen Slowdive taldea eta beti izango da erreferentzia bat niretzat. Arimaren musikan horrelako gauzak topatu izana norbaitek oso pozgarria den zerbait da.

Ama Say taldearekin oholtza parketatu zenuten orain dela gutxi. Berezia izango zen, ezta?

Haien diskoaren aurkezpena ere bazen eta familian oholtza partekatzea oso polita da. Mendaron eta Hondarribian ere elkarrekin izango gara eta oso polita izango da.

Gainerako kontzertuak noiz eta non dituzue?

Dimako gaztetxean izango gara asteburu honetan, ostiralean, eta, datorren astean, Bilboko Kafe Antzokian, lagunen artean antolatu dugun jaialdi txiki batean, apirilaren 6an. Gero, Ondarroan, Gernikan, Beran, Azkoitian, Donostian, Mendaron, Hondarribian eta Andoainen izango ditugu saio gehiago. Zortea izan dugu.

Diskoa non eskuratu daiteke?

Oraintxe web orrialde bat sortu dugu eta bertan eskuratu daiteke; sare sozialetan jarri dugu esteka. Horrez gainera, Bonberenea Ekintzak zigiluarekin atera dugunez, haien web orrialdean ere eskura dago, eta, digitalean Bandcamp bitartez ere eros dezake nahi duenak.