GARA

polonIAN BIRAN DABIL EUSKADIKO ORKESTRA

Euskadiko Orkestrak «arrakastaz» eta «emozio handiarekin» abiatu du Poloniako bira. Lehen kontzertua Varsovian eman dute.

Birako lehen kontzertua Varsovian eman zuen Orkestrak, asteartean.
Birako lehen kontzertua Varsovian eman zuen Orkestrak, asteartean. (EUSKADIKO ORKESTRA)

Musika klasikoaren esparruan garrantzitsua da Beethoven Jaialdia eta, kartelburu izatera gonbidatu dutela eta, lau kontzertuko biran dabiltza egunotan Euskadiko Orkestrako kideak. Beethoven Jaialdia 1997an sortu zuten Krzysztof Penderecki konpositoreak, duela hiru urte zendu zenak, eta haren emazte Elzbieta Pendereckak, egun instituzioaren presidente denak. Beethovenen omenezko Aste Santuko Jaialdiak Robert Treviño zuzendariarekin duen harremana funtsezkoa izan da Euskadiko Orkestra gonbidatzeko. Hala, musikarekin lotura estua duten Poloniako lau hiri nabarmenenetan ibiliko da: Varsovia, Wroclaw, Krakovia eta Katowice bisitatuko dituzte.

Lehen kontzertua asteartean eman zuten, Varsoviako Filharmonia Narodowa areto sonatuan, mila pertsonaren aurrean eta, orkestrako ordezkariek azaldu dutenez, «arrakastatsua» eta «emozio handikoa» izan zen kontzertua.

Atzo Wroclawra iritsi zen Orkestra, ostegunean Krakoviako Philharmonic Concert Hall-en ariko da eta ostiralean azken kontzertua izango dute, Katowiceko NOSPR areto modernoan, 1.800 pertsonaren aurrean.