GARA
BILBO

Publikoan ari diren enpresa pribatuei euskara eskatzea baztertu du epaileak

Hizkuntza eskakizunen aurkako beste epai bat eman du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Kasu honetan, eskola garraioarekin lotutako kontratu batean enpresako langileek Administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezela eskatzea «inposizioa» dela ebatzi du. Epaia ez da irmoa, eta Hezkuntza Sailak helegitea jar dezake.

Kontseiluaren eta beste eragile batzuen protesta, EAEko Auzitegi Nagusian, 2021ean.
Kontseiluaren eta beste eragile batzuen protesta, EAEko Auzitegi Nagusian, 2021ean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Justizia Auzitegi Nagusiak hizkuntza irizpideen aurkako beste epai bat eman du, zehazki euskara eskakizunaren kontrakoa. Joan den otsaileko epaia da, baina atzo ezagutzera eman zen.

Administrazioarekiko Auzien Lehen Aretoak sinatu du epaia, eskola garraioarekin lotutako kontratu baten harira. Ondarroako autobus konpainia pribatu batek auzitara jo zuen, Hezkuntza Sailaren kontratuan zehazten zelako, behin lehiaketa publikoa irabazita eta kontratua esleituta, enpresako langileek administrazioarekin dituzten harremanetan euskara maila egokia izan behar dutela. Enpresari ez zitzaion egokia iruditu eskakizun hori, eta epaitegietara jo zuen.

Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio eta ebatzi du «inposizioa» dela kontratuan baldintza hori zehaztea, hau da, arlo publikoan lan egiten duten enpresa pribatuetako langileei Administraziorekin dituzten harremanetan euskara eskatzea. Hori «gehiegizkoa» dela uste du.

Auzitegiaren arabera, administrazio publikorako ari diren enpresa pribatuetako langileei ezin zaie funtzionario publikoei eskatzen zaien euskara eskakizun berbera exijitu.

ENPRESA ETA ADMINISTRAZIOA

Orain arte euskara eskakizunen aurka izan diren epaiak enpresen eta beren bezeroen arteko harremanen ingurukoak izan dira, baina kasu honetan enpresak Administrazioarekin dituen harremanetan sartu da EAEko Auzitegi Nagusia.

Eskola garraioko enpresak defendatu duenez, «langileek Administrazioarekin zein hizkuntzatan komunikatu erabakitzeko askatasuna» izan behar dute. «Kontratatzen duen erakundea esleipena egiten duenari baldintzarik gabe eskatzen ari zaio euskara erabiltzea, gaztelaniaren kaltetan, berak hala erabakitzen duenean», kexatu da.

EAEko Administrazioak, bere aldetik, «neurrizkoa» ikusten du euskara eskatzea, ahoz komunikatu ahal izateko eta funtzionarioek beren lana euskaraz egiteko duten eskubidea betetzeko. Baina Auzitegi Nagusiak ebatzi duenez, eskubide hori ezin da «zabaldu» bilatzen den zentzu horretan.

«Funtzionarioek lana euskaraz egiteko duten eskubidea barne eremuan bermatu behar du Administrazioak. Aldiz, ezin da erakunde publikoekin harremana duten gainerako eragileentzat inposizio bat izan», argudiatu du epaileak. Bertan behera utzi duen klausula «ez dagoela ongi zehaztua» ere kritikatu du. Horrek «segurtasun falta» dakarrela ohartarazi du, «esleipena egiten duenaren esku uzten duelako, kasu bakoitzean, berarekin erlazionatzen den langileak izan beharreko euskara maila egokia zein den erabakitzea».

Epaia ez da irmoa eta orain Hezkuntza Sailak helegitea jarri edo ez erabaki beharko du.

Ez da hilabete bat ere auzitegi berak euskara eskakizunaren aurkako beste epai bat argitaratu zuela. Donostiako epaitegiak hartutako erabakiaren aurka norbanako batzuek jarritako helegitea onartu eta atzera bota zuen Uliazpi Fundazioak hainbat lanpostutan euskararen ezagutza eskatu izana, gehiegizkoak zirela iritziz. Gipuzkoako Foru Aldundiak helegitea jarriko zuela iragarri zuen, bere erakunde autonomoa baita Uliazpi.

Dibertsitate funtzionala duten pertsonei eta haien sendiei zerbitzua ematen die. 34 zaintzaileren lan deialdia argitaratu zuen, eta horietatik 32tan euskararen oinarrizko ezagutza eskatu zuen.



Baxoa euskaraz egiteko, Bordeletik Baionara bizikletan

Atzo Baionako Suprefeturaren aitzinean eginiko agerraldian ez ziren ez txirrindulariak ez Baxoa azterketa euskaraz pasatu ahal izateko aldarria falta izan, biak lotuko baitira heldu den apirilaren 18tik 22ra Estitxu Robles kolegioko ikasleek egingo duten bizikleta martxan. Brebetaren Zientzietako froga euskaraz idazteko eskubidea onartua izan bada ere, horrek ez du inondik inora azterketak euskaraz egiteko eskubidearen aldeko aldarrikapen dinamika eten.

Bordele eta Baiona arteko ibilbidea bizikletaz eginen dute 21 ikaslek, azterketak euskaraz egiteko eskubidearen eskakizunarekin. Martxa Suprefeturan bukatuko da, larunbatarekin, justuki euskalgintzak antolatu manifestazioa abiatuko den lekuan. GARA