Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Txikikeriak VI

Barka biezadate munduko teknikari eta “pipa” guztien gerriek, baina, aitortzen dut pena ematen didala musika emanaldietako bozgorailuen tamaina nola murrizten den ikusteak. Ez dago zalantzarik, teknologiaren eraldaketa gero eta bizkorragoaren mende bizi gara; baita ere, oholtzetako biztanleak (eta erabiltzaile okasionalak) ere. Oso adibide adierazgarria da bozgorailuena. Duela ez hainbeste urte, garbigailu baten bolumena eta karga zuten lau tramankulu behar zenituen lekuan; egun, aski duzu, turista okasionalek eramaten dituzten gurpildun maleta horietako baten pareko diren bi trasterekin (zarata jasangaitz bera egiten duten gurpilak ere jartzen dizkiete). Potentzia bera, edo gehiago, lortuko duzu; furgonetan egin beharreko tetris ariketa erraztuko duzu; aparailuek ez diote, musikariari hainbesteko protagonismoa lapurtuko taula gainean.

Ez naiz leloa, imajinatzen dut Peter Townsendek ez zituela pizten bere atzean zituen ampli guztiak. Susmoa dut, helburu estetikoa zuela, batez ere, bost metrotako altuera eta seiko zabalera hartzen zuen bozgorailu mendiak. Denak piztuz gero, gitarra jotzailea bera birrinduko luke hango burrunbak. Garai batean, ordea, emanaldirako materialarekin betetako trailerretan (kanpoan egoten ziren aparkatuta) neurtzen genuen Donostiako Belodromora etorritako izarraren erakargarritasun eta arrakasta. Hortik atera kontuak. Baina zer nahi duzue, faltan sumatzen ditut garai batekoak. Nolanahi ere, abantaila handi bat zeukaten; bestela galdetu Sarriri.