Asier ROBLES
BILBO

Akordioa lortu dute Novaltian, ia lau urteko grebarekin bukatuz: «Europako luzeena»

%27ko soldata igoerak eta grebalari bakoitzarentzako 9.450 euroko kalte ordainak dituen akordioa sinatu dute Novaltiako langileek enpresako zuzendaritzarekin. Hiru urte eta zortzi hilabeteren ondoren, Europako greba luzeenari amaiera eman dio akordioak.

Novaltiako grebalariek akordioa ospatu zuten atzo ELAren egoitzan.
Novaltiako grebalariek akordioa ospatu zuten atzo ELAren egoitzan. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Produktu farmazeutikoak banatzen dituen Novaltia enpresako langileek eta zuzendaritzak hiru urte eta zortzi hilabeteko grebari amaiera ematen dion akordioa lortu dutela jakinarazi zuen atzo ELA sindikatuak. Enpresak Zaragozan du egoitza soziala, baina bi lantoki ditu Bizkaian, nagusia Lezaman, eta zaharrena Zaratamon.

2019ko uztailean abiatu zuten greba 45 langileetatik hogeik lan lan baldintza kaskarrak hobetzeko, soldata txikiak baztertzeko eta kolektiborik prekarioenak pairatzen zuten diskriminazioarekin amaitzeko.

Hiru urte baino gehiagoko grebaren eta zenbait prozesu judizialen ondoren, urte honen hasieran enpresako zuzendaritzak negoziazioari ateak ireki zizkion, eta martxoaren 28an «funtsezko hobekuntzak» zituen akordio bat sinatzea lortu zen, atzo ELAk nabarmendu zuenez.

Soldatei dagokienez, Bizkaiko plantillak sektoreko hitzarmenaren gainetik jasotzen zituen plusak mantenduko dira, eta gutxieneko osagarri finko bat sartzea adostu da kolektiborik prekarioenarentzat, bai eta balioaniztasun plus bat eta beste garraio plus bat ere akordioaren eraginpeko langile guztientzat. Plus eta osagarri horiek guztiak konpentsagarriak eta desagerraraziak ez izatea bermatzen dela, eta hitzarmen igoeren arabera errebalorizatuko direla azaldu zuen atzo sindikatuak.

Soldata hobekuntza horiek %26,7ko batez besteko igoera ekarri dute langileentzat, eta %33,7ko igoera soldata prekarioenen kasuan.

Gainera, prozedura judizial guztiak amaitzea adostu dute, enpresaren eta greban dauden pertsonen arteko transakzio akordio baten bidez. Horrela, kalte eta galerengatik grebalari bakoitzari 9.450 euroko kalte ordaina jasoko du eta Novaltiak 1.345 euroko kalte ordaina emango dio ELA sindikatuari (euro 1 greba egun bakoitzeko).