Ion SALGADO
GASTEIZ

Autogestioaren partida Gasteizen: «100 urte bakarrik ezin da»

“100 urte bakarrik ezin da”. Hala deitzen da Gasteizko Gaztetxeak, Hala Bedi Irratiak, Errekaleor auzo libreak, Auzolana Pilotalekuak eta Judimendiko Sumendi guneak atzo aurkeztutako dinamika. Azaldu zutenez, bost eragileen artean ehun urte baino gehiago betetzen dituzte aurten, eta bat egin dute «bizirik eta kaña ematen jarraitzeko gogoz jarraitzen dugula ospatzeko», asanblearismoa, autogestioa eta okupazioa indarrean jartzeko.

Hauxe da urriaren 21era arte iraungo duen “100 urte bakarrik ezin da” dinamikaren helburua. «Egun horretan kalera aterako gara berriro, eta 100 urte baino gehiago eraikitzen daramagun Gasteiz berriro aldarrikatu eta defendatuko dugu bertan», ohartarazi zuten martxan jarriko duten ekimena aurkeztu aurretik.

PARTE HARTZAILEAK

Joko bat bezala planteatu dute dinamika. Bost jokalariekin: Gaztetxea, Hala Bedi, Errokaleor, Auzolana eta Sumendi. Batzuk helduak, besteak gazteak, bakoitzak bere fitxa izango du Arabako hiriburuan datozen hilabeteetan jokatuko den partidan.

Ane Gebarak eta Unai Lopez de Armentiak lehiakideak aurkeztu dituzte Rafa Plazan egindako agerraldian. Adierazi dutenez, jokalarien adinak agindu du txanden ordena eta Hala Bedi izan da lehena. Izan ere, 40 urte beteko ditu aurten. Gaztetxea izan da dadoa botatzen hurrengoa, 1988. urtean martxan jarri zutelako. 2008an Auzolana Pilotalekua ireki zuten auzokideek Gasteizko Alde Zaharrean; eta 2013an Errekaleor «biziberritu» zuten. Sumendi da jokalari gazteena, 2016an ireki baitzuten.