Jon ORMAZABAL
IRUÑEA
BINAKAKO FINALARERAKO MATERIAL AUKERAKETA

Eszenatokiari azken neurriak hartuta, aitzakiarik ez finalerako

Xabier Tolosaren lesioak denok izoztuta utzi bagintuen ere, Binakako finala pixkanaka tenperatura hartzen ari da. Asteburuan zalantza zen guztia ilusio bilakatu da bi bikoteentzat. Rock&roll asteburua izango da Nafarroa Arenakoa: Iruña Rock ostiral eta larunbatez, eta Binakako finala igandean. Frontoiko izarrak prest dira ikuskizunarekin gozatu eta gozarazteko.

Finaleko lau protagonistek gustura amaitu zuten saskian aurkitutakoarekin.
Finaleko lau protagonistek gustura amaitu zuten saskian aurkitutakoarekin. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Polemikarik gabe, finalen atarian egin beharreko protokolo ekitaldien artean beste bat bihurtu dira material aukeraketak aspaldian Martin Alustizaren zorionerako. Eta Nafarroa Arenak hartuko duen Binakako lehen finalaren atarikoa ez zen salbuespen bat izan. Materialaren aldetik batere kexarik ez eta finalista guztiek nahiko gustura amaitu zuten saskian topatu dutenarekin.

«Azken partidan, txapelketa guztian bezala, pilota biziak aukeratu genituen, lurretik ibiltzen direnak. Eurenak desberdinak dira, lasaiagoak. Baina gustatu zaizkigu», azaldu zuen Ander Imazek.

Bere bikotekide Unai Lasok ere bat egin zuen bere atzelariarekin. Argitu zuenez, «pilotaleku honetan pilotak asko geratzen dira, ezker paretak eta frontisak asko gastatzen dituzte, eta partida oso gogorra espero dugu». Alde horretatik, Baikoko bikoteak argitu du bere ideia partida hasieran, pilotak biziak daudelarik, tartetxo bat irekitzea litzatekeela, baina partida gogortzeak ere ez die beldurrik ematen, «azken hiru partidetan oso ongi eutsi diegulako». Are gehiago, oiartzuarrak azaldu zuen finala luzatzea seinale ona izan daitekeela eurentzat, «Zabaletak hautsi ez duen seinale»

Aspeko bikoteak ere ez zion inolako aitzakiarik topatu igandean finala jokatuko den loteari. Bat etorri ziren aurkariek aukeratutakoak bizixeagoak direla azaltzerakoan, nahiz eta Baikokoen bat geldoagoa iruditu.

Zalantzarik izatekotan, pilotarien egoerak piztu zezakeen dudaren bat, aurreko larunbatean Lasok eta Imazek ez zutelako zegokien partida jokatu, eta Jose Javier Zabaletak sentsazio txarrekin amaitu zuelako Bilbon. Baina atsedenak eta euren konfiantzazko masajistarenetik pasatu izanak erabat indarberritu omen ditu, eta laurak igandean %100ean egotea espero dute, nahiz eta halako final handi batean edozer gerta daitekeela jakitun diren.

NAFARROA ARENAN GUSTURA

Horren gutxi erabiltzen den Nafarroa Arenako kantxan finala jokatu beharrak zenbait kezka ere eragin zitzakeen, baina lau pilotariak gustura agertu ziren Iruñean jokatu beharrarekin. Are gehiago, Ander Imazek argitu zuen Bilbokoa baino gustukoagoa duela, nahiz eta onartu zuen pilotak atzean pisu handia hartu eta Zabaleta bezalako jotzaile handi baten aurka arriskutsua izan daitekeela. Bilbon jokatutako azken partidetan izandako sentsazioak ez omen ziren onenak izan.

Asteartean 45 minutuz aritu ziren Baikokoak Aimar Olaizolaren agindupean. Eta, atzo, aukeraketaren ostean aritu ziren Aspekoak, finalaren eszenatokiko saio bakarrean.

Partidaren nondik norakoen inguruan, bi bikoteak bat etorri ziren orain arte egindako bidetik jarraitzea gustatuko litzaiekeela azaltzerakoan.

Laso-Imaz, finalerdietan Labriten bezala, aurrean arriskatu eta Zabaletari eroso ez egoten uzten saiatuko dira. Elordi-Zabaletak, aldiz, bikote bezala batu, etxarrendarra atzean nagusitu, baina mallabitarrak aurrean ere errematean asmatzea bilatuko dute.

Bizkaitarrak lehendabiziko finala izango du igandekoa, baina astea ahalik eta normaltasunik handiena emanda eta gozatzen saiatuta, ez omen dago bereziki urduri, nahiz eta igandean ezin ziurtatu hala izango denik. Atzo behintzat, konfiantza pertzakada bat jaso zuen, haren atzelariak bere bikote izandako Irujo, Ezkurdia edo Irribarriaren pare jarrita.