GARA
BAIONA

Euskara Ipar Euskal Herrian: bost pertsonatatik bat euskalduna da

Inkesta soziolinguistikoaren datuen arabera, euskaldunen kopuru iraunkor batek eta gero eta gazte gehiagok hitz egiten dute euskaraz Ipar Euskal Herrian, baina, proportzionalki, populazio orokorraren hazkundea baino dezente motelago da euskaldunen kopuruarena.

Irakasle baten lanpostua defendatzeko, Luhusoko eskolaren okupazioaren irudia.
Irakasle baten lanpostua defendatzeko, Luhusoko eskolaren okupazioaren irudia. (Patxi BELTZAIZ)

Euskararen Erakunde Publikoak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak izenpetua duten Hiruko Itunaren barnean kokatzen den proiektu nagusietarikoa da Euskal Herri osoan Inkesta Soziolinguistikoa burutzea. Azkenekoa 2016. urtean egindakoa zen, eta iaz euskararen lurralde guztietan egin zen zazpigarrena. Ipar Euskal Herriko 16 urtez gorako 2.000 herritar azaroan telefonoz galdekatu ondoren, atzo ezagutzera eman ziren inkestaren datuak.

Lehen begiratuan, kontuan hartu behar den populazio orokorraren hazkunde eta zahartze global baten testuinguruan, azken hamar urteotan euskaldun kopurua iraunkor mantendu dela nabarmendu behar da, alegia, balore absolutuetan, ez duela ez gora ez behera egin. Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakari Antton Curutcharryren hitzetan, «euskaldun kopuruari eustea, berez, emaitza aipagarria da; eta irakaskuntzaren nolabaiteko efikazia batekin lotura du».

Datuen zehaztapenetara joz, azken hamarkadan 400 euskaldun gehiago daude, baina euskaraz hitz egiten ez dutenen kopuruak 20.000 pertsonetan egin du gora. Ondorioz, euskaldunen portzentaje orokorrak behera egin du, hamar urteetan %21,4tik %20,1era jaitsita. Nabarmentzekoa eta kezkatzekoa dena, zeren azken hogei urteotan lau pertsonatatik bat euskaldun izatetik bost pertsonatatik bat izatera pasatu baita.

DESOREKAK

Nabarmendu beharreko beste gako bat gazteen artean euskaldun kopuruak izan duen gorakada da. Adibidez, 16 eta 24 urte bitartekoetan 2001. urtean euskaldunak %12,2 izatetik 2021ean %21,5 izatera pasatu baikara. Erabilerak, bestalde, beherakada izan du, ezin ezkutatuzkoa. Horrela, 2001ean 16 urtez gorako %10ek hitz egiten zuten euskara gehiago edo frantsesa bezainbeste. Egun, %7 baino ez dira.

Azkenik, nabarmentzekoa da ere barnealdean, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, euskaldunak erdaldunak baino gutxiago direla, eta fenomeno bezala oso azkar eman dela. Alegia, duela hogei urte Nafarroa Behereko eta Zuberoako biztanleen %60,9 euskalduna zen, eta iazko azaroan egindako inkestaren datuen arabera, orain %47,5 baino ez da euskalduna.

Euskaldun kopuruari dagokionez, kostaldea eta barnealdearen arteko desorekari ere begiratu behar zaio. Esate baterako, Baiona-Angelu-Biarritz kantonamenduan euskaldunak %8,4 dira. BAB kanpoko Lapurdiko gainerako herrietan %22,9ra igotzen da kopurua, eta, esan bezala, %47,5 da euskalduna barnealdeko herrialdeetan.