Ane URKIRI ANSOLA
SNOWBOARD CROSS

Romeroren kolpea, Munduko Txapelketa juniorra irabazita

Donostiarrak, 19 urterekin, junior mailan Munduko txapelketa irabazi du Italiako Dolomitetan, eta denboraldi biribila osatu du. Bere azken urtea denez maila honetan, mahai gainean kolpe ederra eman du maila absolutuan berme guztiekin lehiatzeko.

Alvaro Romero, zutik, ezkerretik hasita hirugarrena, taldekideekin garaipena ospatzen.
Alvaro Romero, zutik, ezkerretik hasita hirugarrena, taldekideekin garaipena ospatzen. (RFEDI)

Alvaro Romerok (Donostia, 2003) denboraldi bikaina osatu du. Horren azken erakusle da irabazi duen Munduko txapelketa juniorra. Bere azken urtea zuen gazteen kategorian eta ezin hobeto amaitu du: urrezko dominarekin. Hala, aurretik ere elitean zer egiteko gai zen erakutsi zuen arren, orain berme guztiekin emango du jauzia maila absolutuan lehiatzeko. Donostiarrak mahaian kolpe galanta eman duela, alegia. «Urre honek denboraldia biribiltzen du eta hurrengo denboraldia ilusioz gainezka hasteko baliagarria izango zait», adierazi zuen Romerok, urrezko domina kolkoan zuela.

Bere izena aspalditik agertzen da han eta hemen, baina ez azkenaldian bezainbeste nabarmenduta. Izan ere, Espainiako txapelketa irabazi zuen pasatu den martxoaren 18an, hain zuzen ere Veysonnazen jokatutako Munduko Kopan bigarren egin eta bi egunera. «Pozarren» agertu zen orduan rider donostiarra, eta atzo ere halaxe agertu zen: «Ilusio handiarekin eta oso pozik nago. Banekien egun gogorra izango zela. Nahiz eta junior mailako Munduko txapelketa izan, maila handiko kirolariak daude».

Aurreko eguneko entrenamenduetan oso azkar ikusi zuen bere burua; beraz, bazekien egun handian ere dena emango zuela.

URREZKO LEHENA

Atzokoa, junior mailako Munduko txapelketan lortzen duen bigarren domina da, baina urrezko aurrenekoa. 2021ean brontzezkoa jantzi zuen Krasnodarren (Errusia) lehiatutako txapelketan. Aurten, urrats bat gehiago egin du, eta gazteen artean onena izan da Basque Team Fundazioko kide den kirolaria.

Italiako Dolomitetan dagoen Passo San Pellegrino eski estazioan jokatu zen txapelketa eta final handian bi frantsesen aurretik helmugaratu zen donostiarra: Aidan Chollet eta Achille Leleu, hurrenez hurren. Laugarren izan zen James Savard-Ferguson kanadarra.

Finaleko lasterketa ez ezik, txapelketa osoa menderatu zuen Romerok (NKEF-Dalton). Final-zortzirenetan azkarrena izan zen, bai eta final-laurdenean eta finalerdian ere. Kanporaketetan azkarrena izateak ez du esan nahi finalean ere hala izango dela, baina donostiarrak erakutsi zuen oso sasoiko iritsi zela denboraldiko azken probara.

Movistar SBX Team-eko zuzendari tekniko Alex Martinek azaldu zuenez, Passo San Pellegrinoko pistaren egoeraren ondorioz, «ez zen erraza ranking orokorreko lidergoa defendatzea, baina azkenean lortu du eta oso pozik gaude».

«Etengabe hazten jarraitzen duen kirol ibilbide bateko emaitza» da atzo eskuratutako urrea, Alex Martinen ustez. «Eskuratu du bere lehendabiziko Munduko txapelketa juniorra eta emaitza onak lortzen dabil maila absolutuan ere», adierazi du.

Ez zuen urte hasiera samurra izan. Gripeak jota, ezin izan zuen nahi bezala distira egin, baina martxoan sekulako emaitzak lortu ditu. Aipatzekoa, Bakurianin (Georgia) jokatutako Munduko txapelketa absolutuan lortu zuen 13. postua, meritu handikoa.