Tokiko merkataritza
Gero eta sarriago ikusten dira lokal hutsak gure kaleetan, ohitzen hasiak garela esango nuke. Bereziki deigarria da tradizio handikoak izan diren saltokiak hutsik aurkitzea. Arrazoiak askotarikoak dira, esaterako, txandaketa falta edo errentagarritasun ekonomiko eza, baina eragin handia dute ere kontsumo ohituren aldaketak eta kate handien eta frankizien lehiak. Albo ondorioak anitzak izaten dira, besteak beste, lan baldintzen prekarizazioa, inpaktu ekologikoa, kulturalak -nortasun kulturalaren galera, hirien estandarizazioaren ondorioz-, baita segurtasunean ere -kale hutsak eta bizitzarik gabekoak-. Are gehiago, esango nuke kate handi horiek sakondu egiten dutela gazteen, emakumeen eta migratzaileen prekarizazioa.
Horren aurrean, norbanakook erantzukizun handia dugu. Kontsumitzen dugunaz jabetzea eta kontsumo arduratsuaren alde apustu egitea funtsezkoa da. Ezin dugu ekologistak garela esan, behar ez duguna neurrigabe kontsumitzen dugunean, edo kontziliazio eta lan baldintza duinak defendatzen ditugula aldarrikatu, ez badugu besteen kontziliazio eskubidea errespetatzen, prekarizazioaren gurpila elikatzen dugun bitartean. Dena dela, ekintza indibidualek ondorio argiak badituzte ere, ardura instituzionala ezin da ukatu. Esaterako, atzerriko inbertsioei alfonbra gorria jartzearen mitoarekin amaitu behar da, hondamena ekartzen duela zalantza ezina baita. Sortzen dituzten enplegu prekarioek gizarte osoan eragina baitute. Tokiko merkataritza babesten duten politikak abiatzea da bidea, besteak beste, txikiei mesede egingo dieten zerga politikak; azalera handiei eta kateei lizentzien kontrola; ekonomia zirkularraren babesa, elikadura subiranotasuna eta tokiko kultura ekoizpenaren babesa.
Kontua ez da, betiko kafetegiaren oroitzapenak edo aspaldidanik ezagutzen gaituen janari dendako edo arropa dendako saltzaileak gure izenez ez deitzeak sortzen digun melankolia. Hutsune horien guztien atzean zehar-kalte oso konplexuak ezkutatzen dira. Gure esku dago -erakundeen zein herritarron esku- gure kaleetako paisaia tamalgarria aldatzea.

Un donostiarra de 44 años está en coma tras ser atacado por un grupo de ultras en Soria

«Alguien del entorno de Juan Carlos I nos ofreció 100 veces más dinero para no publicar»

«Hertzainak-en itzulerari buelta emateko ‘desintoxikazioa’ egin dut»

Paracaidistas asaltan Lizarra y Tafalla, las atalayas de EH Bildu
