GARA
IRUÑEA

3.500 lagun bildu dira presoen eskubideen alde

Dispertsioaren amaieraren ondoren, salbuespen legedia amaitzeko lanean jarraituko duela esan du Etxeratek, Sarerekin batera antolaturiko martxoko azken ostiraleko elkarretaratzeetan.

Iruñeko elkarretaratzea, Sarasate pasealekuan.
Iruñeko elkarretaratzea, Sarasate pasealekuan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Etxeratek zabaldutako datuen arabera, 3.500 lagun inguru mobilizatu ziren presoen eskubideen alde martxoko azken ostiralean Sarerekin batera Euskal Herrian zehar antolatutako 68 elkarretaratzeetan. Herri gehiagotan mobilizazioak izan zirela gaineratu zuen Etxeratek, baina horien inguruko daturik ez dutela jaso azaldu zuen.

«Gauzatzen ari garenen moduko ehunka mobilizazio egin ditugu dispertsioa behin betiko bukatzea eskatzeko; kaleak bete ditugu hamaika bider aldarrikapen horren atzean. Ezberdinekin egon gara, adostasun zabalak erdiesteko hamaika ahalegin eginez, eta azkenean gehiengo sozial, politiko eta sindikal bat ere egon da lan horren atzean», nabarmendu zuen.

Ibilbide honetan errepidean hil diren 16 senide eta presoen gertukoak gogoan izan zituen Etxeratek, erbestean eta deportazioan hildakoekin batera.

«Euskal presoen senide eta gertukoei motxila astunaren zama arintzen lagundu dieten guzti-guztiak ere gogoan ditugu gaur; autobus gidariak, Mirentxineko boluntarioak, Frantzian eta Espainian bidaietan eta bisitetan laguntzeko prest egon diren lagunak eta elkartasunez jokatu duten herritar guztiak», azpimarratu zuen elkarteak.

«Eta hemendik aurrera zer?» galderari erantzuteko, ondorengoa adierazi zuen: «Orain lanean jarraituko dugu, harremanak sustatuz eta aktibazioa bilatuz, plazak betez eta gure aldarrikapenak lau haizeetara zabalduz. Soilik horrela lortuko dugulako euskal presoei lege arrunta aplikatzea eta salbuespen legedia desagerraraztea».

«Aurrera egin dezagun, beraz. ‘Etxera’ lelopean, azken urteetan egin dugun bide beretik, lanean jarraitu behar dugu etxerako bideari bukaera eman arte», laburbildu zuen Etxeratek.