Iker GURRUTXAGA
ZEID FEST JAIALDIAREN BIGARREN EDIZIOA

Dantza, alaitasuna eta aldarrikapena ZEID Festen

Goizeko 09.45ak alderako, jende asko bertaratu zen Barakaldoko BECera, ZEID Fest jaialdiaren bigarren edizioaz gozatu asmoz. Hasiera-hasieratik festa giroa izan zen nagusi, ateak ireki orduko Jaizkibel Konpainiak txilibitu eta danborrez girotu baitzuen Bizkaia Arena ingurua. Hamalau orduz festa giroa gailendu zen Barakaldon.

Lehenengo irudian, publikoa jaialdiaz gozatzen. Bigarrenean, La Furiaren emanaldia.
Lehenengo irudian, publikoa jaialdiaz gozatzen. Bigarrenean, La Furiaren emanaldia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Atzo, 10.15erako, BEC atarian ziren Jaizkibel Konpainiako kideak danborrak, txilibituak eta bandera eskutan eta zapi koloretsu eta txapel gorriak soinean zituztela, “Titibiliti’ Hondarribiko Alardeko kantaren doinuak jotzen, jendea pixkanaka sartzen ari zen bitartean.

Jaialdiaren irekiera ekitaldiko zinta mozketaz arduratu ziren Jaizkibel Konpainia parekidekoak. «Halako ekimenak politak dira eta ikusgarritasuna ematen digute, jakina, baina gure herrian lasai aritzea da benetan nahi duguna», esan zigun Ane Garcia konpainiako kideak. «Une garrantzitsu batean» daudela nabarmendu zuen, eta jaiaz nahi duten moduan disfrutatu ahal izango duten eguna ere «gertu» dagoela gaineratu zuen, 2023ko udal hauteskundeen ostean gerta daitekeenaren ikuskizun.

Festara etorri ziren errepikatzaile askorekin egin genuen topo. Tolosaldeko neska gazte kuadrilla bat euskal musikaz disfrutatu asmoz sartu zen. Atzetik, Iruñeko familia bat, iazko esperientzia ostean festaz hasi eta buka gozatzeko asmoz. Don Patricio, Zetak eta Esne Beltzaren kontzertuak zituzten buruan. Gazte bilbotar batek ere halatsu esan zigun, «hasi eta buka topera» gozatzeko asmoz zetorrela ZEIDera. Dantzarako gogoa zuen, Don Patricio eta La M.O.D.A.-ren musikak horretarako bidea ematen zuelakoan.

Bizkaia Arenako sarrera nagusiko eskailerak jaitsi eta bertan aurkitu genituen Elektropottotte elektro-txaranga, festa abiatzeko prest. Baina gonbidatu bereziak zituzten berekin aritzeko: Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Haien kantak jo zituzten eta bertaratu zirenek giro apartarekin egin zuten topo: kantuan, dantzan eta saltoka, denak, ume eta heldu. Batasun irudi ederra utzi zuen momentuak. Basque Wine oholtzarako bidea egin zuten denek elkarrekin. Haurrak lurrean eserita jarri ziren, lehen ilaran, eta pailazoak adin guztiengana zuzendu ziren oholtzatik. Publikoa bero izan zuten.

Bien bitartean, jendea pista nagusira sartzen hasi zen eta zoriontasuna nabari zen haien aurpegietan. 12.02an, argiak itzali ziren eta Zetaken emanaldia hasi zen. Dantzariak irten ziren lehendabizi. Performatibo ekin zion saioari Zetak taldeak. Estetika berritua ere aurkeztu zuten; zuririk ez beren arropetan lehen konpasetan. Mashup moduko bat egin zuten, Berri Txarrak taldearen “Biziraun” eta beren “Zoriontasuna” abestiak nahastuta, Patricia Greham Riesa lagun zutela.

Publikoari esker hitzak luzatzeko baliatu zuten lehen etenaldia, eta esperimentatzera zetozela esan zuen Arbizuko abeslariak. Baita egin ere, bi abesti berri eta mashup bat aurkeztu zituzten eta. “Errepidean” abestu eta jendarteko tranpaldo batera jaitsi zen gero Pello Reparaz, akelarreko sua izateko, tronboia lagun, “Akelarretan” jotzen.

Datorren astean Elorrioko Gazte Topagunean izango direla gogorarazi zuen Reparazek eta Arbizun, maiatzaren 28an, berarentzat berezia izango den emanaldia izango dutela aurreratu zuen.

TRABESTIAK FESTAN

Zetak taldekoak desagertu orduko, euskal trabestiak pistan agertu ziren, halako performance labur bat egiteko, Samanta Hudsonek oholtza hartu zuen arte. Hudsonek Bizkaia Arena dantzaleku moduan mantendu zuen ordubetez. Tartean, espainiar ereserkiaren moldaketa elektroniko gainean, trans komunitatearen aldeko mezuak bota zituen eta Estatu espainolari kritika egin zion.

LEHEN BALORAZIOA

Bi ordu eta erdi pasatu osteko balorazioa egiteko eskatu genion Julen Hernandez ZEID Festeko komunikazio arduradunari: «Oso uholde polita izan dugu lehen ordutik. Ateak ireki aurretik oso polita izan delako BECeko atetik ZEID Festeko ateraino Jaizkibel Konpainiak egin duen desfilea».

«Goizeko 10.30erako etortzeko esan genion jendeari, iazko esperientziatik hori ere ikasi genuelako, eta horrela izan da eta eskerrak. Ateak iaz baino lehenago ireki ditugu, baina jende guztia ez da ordurako etorri eta batzuek zertxobait itxaron behar izan dute Zetak taldearen emanaldiaren hasierarako. Zenbakiekin ez naiz oso ona, baina pistan 9.000 lagun kabitzen dira eta esango nuke hainbeste izango zirela Bizkaia Arenan», esan zigun Hernandezek.

Mugarri izan ote den galdetuta, «mugarria esatea gehiegitxo da. Iazkoa saiakera izan zen eta asko ikasi genuen aurtengoa hobeto antolatzeko. Saiatu gara hobekuntza horiek egiten eta albisterik onena izango da goizaldeko 02.00etan, guztia ondo irten dela ospatzeko, denok elkarri besarkada bat ematea», bukatu zuen ZEIDen antolakuntzako kideak.

DANTZARAKO ORDUA

«Sekula ere fandango eta arin arinik dantzatu duzue jaialdi batean?», galdegin zien bertaratuei Iñigo Goikoetxea urdiaindarrak. “Alboka, rocka, joka” kanta izan zen horietako bat; azkenaldian, beste modu batez, gehiago entzun du akaso jendeak Etxepekoen eskutik. Denek eskutik heldu eta kalejira dantzatzeko eskatu zien zaleei Goikoetxeak: «Kate bakar batean Euskal Herri osoa elkar hartuta ikustea oso ederra litzateke!». Bada, lortu zuten.

Vicco 17.25ean agertu zen, mikroa eskutan, laranjaz jantzita, eta uholde batek hartu zuen Basque Wine oholtzaren azpia. Unerik gorena «Noche ochentera» esan eta denak oihuka kantari jarri zituenekoa izan zen. Lau dantzarik lagunduta aurkeztu zuen udaberrian asko jotzen ari den abestia.

18.10ean Don Patricio, askorentzat eguneko plater nagusia, baina Skabidean taldeko iruindarrek ere publikoan lagun mordoxka batu zituzten. Bi estilo gertuko bezain desberdin. Gertuko, tropikoetatik hurbil dauden estiloak jorratzen dituztelako batzuek zein besteek. Dantzan aritu zen jende guztia.

Nøgen, La Furia eta Kerobia izan ziren segidan guztien gozagarri, Zahararen Raveak eta Hemendik At! taldeari egindako omenaldia iritsi aurretik. Omenaldia izan zen, haien kanten remixak eta Jon Maiak errezitatutako testu bat oinarri. Ez dadila Hemendik At! zuzenean ikusi gabe denbora luzeegia pasa, mesedez.

BEC-en ospatutako festak aurrera jarraitu zuen, eta zeinen ederra izan zen.