GARA
IRUÑEA

Euskararen zonifikazioa gainditzea exijitu dute Castejonen eta Irunberrin

Irunberrin eginiko agerraldia.
Irunberrin eginiko agerraldia. (HORDAGO NAFARROA)

Euskara Nafarroako lurralde osoan oztoporik gabe erabiltzeko eskubidea aldarrikatzen duen Corteseko Adierazpenarekin bat egiteko agerraldi jendetsuak egin zituzten atzo eguerdian Castejonen eta Irunberrin, euskararen zonifikazioari «hordagoa» botata.

Iazko azaroan aurkeztu zuten Corteseko Adierazpena izen bereko herrian, eta orduan hasi zuen Hordago! herri ekimenak bere dinamika. Orduz geroztik, hamaika ekimen burutu ditu zonifikazioaren aurkako aldarria herrialde osoan zabaltzeko; horien artean, Tuterako iazko urriaren 22ko manifestazioa.

Hordago! ekimeneko ordezkariek nabarmendu zutenez, pixkanaka gero eta pertsona eta eragile gehiago bat egiten ari dira zonifikazioa behingoz gainditzeko eskaerarekin eta, horren ondorioz, «zonifikazioak gero eta babes gutxiago du nafar gizartean».

Irunberrin eta Castejonen -biak, eremu «ez-euskalduneko» udalerriak- Corteseko Adierazpena irakurri zuten eta «hordagoa» jo zuten, «punta batetik bertzera joanen dena, Foru Komunitateko leku, herri, kontzeju, hiribildu eta hiri guztiak zeharkatuz».

Azaldu zutenez, «hordago» horrek «lau haizeetara zabalduko du hemen eta orain aurrerapausoak eman nahi ditugula edozein nafarrek, edonon dagoela eta edonon bizi dela, foru lurralde osoan euskara ezagutu eta erabiltzeko duen eskubidea praktikan jartzea eragozten duten oztopo guztiak kentzeko».

Nafarroa hiru hizkuntza eremutan banatzen dituen Vascuencearen Legea «eskubideak mugatzen dituen oztopoa» dela nabarmendu eta duela lau hamarkadatik indarrean dagoen zonifikazioa «anakronikoa» dela salatu zuten.

«HANDIAGO EGITEN GAITU»

Hala, Corteseko Adierazpenak dioen bezala, «hordago handira, hordago txikira, hordago pareetan eta hordago jokoan» jo zuten, «justizia Nafarroan nagusi izatea» nahi dutelako, inolako bereizkeriarik egon ez dadin. «Mundu osoan milioika hiztun dituen gaztelania erraldoiaren ondoan euskara bizi delako» Nafarroan eta haren ezagutza eta erabilerak «handiagoak egiten gaituelako», berretsi zuten.