Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA

Kopako finala gertu izan du unetxo batez, baina kalean da Lointek Gernika Bizkaia

Azken laurdenera arte ezinean aritu ziren bizkaitarrak, baina laugarren zatian 52-55eraino hurbildu ziren 14-2ko partziala erdietsi eta gero.

Roso Buch, jokalari katalana, saskiratze baten saiakera betean.
Roso Buch, jokalari katalana, saskiratze baten saiakera betean. (FEB)

«Neurketara beranduegi iritsi gara», onartu zuen Lointek Gernika Bizkaiako Roso Buch eskolta katalanak Perfumerias Avenidaren aurka Kopako finalerdia galdu berritan. Ez zuen arrazoia falta, azken laurdenera arte konforme baleude bezala jokatu baitzuten Anna Montañanak zuzentzen dituen jokalariek. Alabaina, azken laurdenean 14-2ko partziala lortu zuten bizkaitarrek, Ygueravide, Spreafico eta Cvitkovicen puntuei esker, 52-55 hurbildu arte.

Tamalez, azken minutu horietan patxada apur bat falta izan zitzaien gernikarrei eta Salamancako taldeak, puntuak banaka pilatu bazituen ere, abantailari eustea lortu zuen.

Azken hamar minutu horietan erakutsi zuen Gernikak Kopako finala eskura izan zuela. Unetxo batez, aurreneko hiru laurdenen ostean miraria zirudien horrek posible izateko tankera hartu zuen, Perfumerias Avenida bera ere ez baita aurreko denboraldietako munstro ukiezin hura eta bizkaitarrek benetan lehiakorrak direla erakutsi baitzuten.

Baina azken-azkenean bakarrik lortu zuten benetan markagailuan hurbiltzea, hutsegiterik txikiena egiteko tarterik gabe, eta perfekziorik inon ere izan ez zuen partida jokatu zutela aintzat hartuta, ezin izan zuten atzetik aurrera hasitako bide hori amaitu.

ETSI GABE

Atsedenaldira 24-37 atzetik iritsi ostean, hamar puntuko langatik Perfumerias Avenidaren abantaila jaistea ia ezinezko helburu bihurtu zen Lointek Gernika Bizkaiarentzat. Halakoren batean Sandra Ygueravideren puntuak aurkitu zituen talde bizkaitarrak, baina Salamancakoek Leonor Rodriguez, Onyenwere edo Princeren bitartez alde handi horri eusten jakin zuten. Inork gutxik jokatuko zuen ogerlekorik hamar minuturen faltan markagailua 38-53 ikusita.

Dena aldatu zen, hala ere, azken hamar minutuetan. Perfumerias Avenidak Maite Cazorla eta Julia Reisingerovaren partida eskasa asko nabaritu zuen eta, bestalde, pixkanaka bazen ere, lortu zuten bizkaitarrek halakoren batean hamar puntuz behetik jaistea desabantaila.

Ia sinetsi ezinik, gernikarren zaleak ere artean lasai zirela, bizkaitarren partziala 14-2raino luzatu zen, Cvitkovicek uztaipean egin zuen lanari Spreaficoren beste hiruko batek eta Ygueravideren lanak lagunduta. Markagailua 52-55 zela, azken minutu horretan zernahi gertatzeko zorian izan zen neurketa.

Baina ‘zernahi’ hori ez zen Lointek Gernika Bizkaiaren aldekoa izan. Nolanahi, Kopan egindako lanaz harro egon litezke bizkaitarrak.