Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
PILOTA

Larrazabalek erabaki du finala, tantoak bukatzeko duen gaitasuna erakutsita

Larrazabal-Eskiroz bikoteak irabazi du Promozioko Binakako Txapelketa, Zabala-Gaskue mendean hartuta (16-22). Arabarrak 11 tanto egin ditu. Estreinako txapela da Larrazabalentzat, eta nafarrarentzat, bigarrena. Gaskuek eskuin eskuan min hartu du.

Larrazabal eta Eskirozek jantzi dituzte Promozioko txapelak.
Larrazabal eta Eskirozek jantzi dituzte Promozioko txapelak. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Partidaren atarikoan, jakina zen bi aurrelarien ahalak markatuko zuela neurketaren norabidea. Atzo Labriten jokatu zen finalean Iker Larrazabal izan zen aurreko koadroetan jaun eta jabe, eta horri esker Baikokoek irabazi zuten Promozioko Binakako Txapelketako finala. Batetik, arabarrak tantoak egiteko erakutsi zuen gaitasuna, eta bestetik, Javier Zabalaren ezintasuna: horiek izan ziren neurketaren gakoak. Larrazabalek 11 egin zituen; errioxarrak, berriz, soilik hiru. Baikoko aurrelariak partida ona egiteaz gain, hankak lurrean dituela ere erakutsi zuen mikrofonoen aurrean. Lehen mailako pilotariekin jokatzeko moduan ote dagoen galdetuta, irmo erantzun zuen «ezetz»: «Pilotari oso handiak daude txapelketan eta lehen mailan egotea zaila da».

Iosu Eskirozek bigarren txapela lortu zuen -2020an irabazi zuen lehena Asier Agirrerekin batera-, eta Larrazabalek, lehena. Hogei urte pasatu dira arabar batek azken txapela irabazi zuenetik. Aitor Pinedok eskuratu zuen azkenekoa. «Arabar guztientzako txapela da», adierazi zuen aurrelariak partidaren ostean.

Neurketa hasieran bikote gorria hasi zen aurretik, haiek asmatutakoek baino gehiago, urdinen hutsegiteek lagunduta. Larrazabalek eta Eskirozek hiru pilota galdu zituzten erreskadan, 4-1 zihoazela markagailuan. Hortik aurrera hasi zen Larrazabalen erakustaldia; tantoei abiadura eta indarra emanda, eta errematatzeko gaitasuna duela erakutsita. Horietako batean gantxoz eta bestean pilota txapapean utzita, 6-6koa markagailuan.

Andoni Gaskue fin aritu zen, lehia hasieran bereziki. Eraman beharrekoak ondo eraman zituen, eta kasik hutsik egin gabe aritu zen. Sei pilota galdu zituen partida osoan, kontuan hartuta eskuin eskua minduta amaitu zuela neurketa. Gaskueren antzera, Eskirozek hasieran zenbait akats egin bazituen ere, dema igaro ahala, gero eta hobeto jokatu zuen.

Atzeko koadroetan nahiko pareko zegoen dema; ez, ordea, aurrean. Zabalak ez zuen bere eguna izan, eta tantoak egin ezinik ibili zen. Larrazabalek, aldiz, mina egiteko gaitasuna izan zuen jokoan sartu zen bakoitzean. Baikokoek hamargarren tantoa egin zutenean hautsi zen partida, 0-6eko partziala egin baitzuten urdinek: 8-10etik 8-15era. Ondorengo lau tantoetan Larrazabal eta Eskiroz erlaxatu egin ziren, eta Aspekoek lau tanto jarraian kateatu zituzten, 12-15.

Gorrien hamaseigarren tantoan ematen zuen Zabala partidan sartzen ari zela. Kontraerasoan dejada bat eginda aldatu zuen jokoa, eta Eskiroz atzera egitera behartu zuen. Susperraldiak ez zion asko iraun errioxarrari, ondorengo tantoan huts egin baitzuen, 13-17. Hortik aurrera, Aspekoek pixka bat burua jaitsi zuten, ikusita aurkariak 22ra ailegatzen ari zirela. Hala, Amurrioko aurrelariaren joak erabaki zuen partida, eta 16-22 gailendu ziren markagailuan Larrazabal eta Eskiroz.