Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Makro! Eta dezimalekin!

Antxoak, berdelak edo hegaluzeak ez bezala, hauteskundeak beti dakar kanpainaren aurretik beste kanpaina bat, inkestena. Eta horretan gara orain, kuota mugarik ez duen horretan. Boto-emaileen erradiografia nahi izatea abiapuntu, soziologia motaren bat helbide eta boto-kalatokien kokapen zehatza helburu. Total, radar motaren baten bidez sareak non bota, horra azkeneko interesa. Itsasokoan ez bezala, lehorreko boto-arrantzan bazterkinik ez dago: sareak hartutako ale guztiak portura; botatzekotan, gero gauean kontatu ostean.

Bai lan zaila inkestena! Ez, ez du erraza izan behar erantzun asko eta askotarikoak izan ditzaketen galdera ustez zehatzak zerrendatzeak. Are gutxiago, ordenatzeak. Baina, sinesten zaila bada ere, egin egiten da. Ez dakit barne produktu gordinaren zein portzentaje hartzen duen inkestagintzak, baina… Hori bai, galderenak baino lan zailagoa izan behar du hala moduzko erantzunen trataera estatistiko aleatorioak, haztamuka. «Sukalde lana», esaten diote. Sukaldaritzaren beste adiera bat, hedapen semantikoaren eta ekonomia zirkularraren arteko zubia edo, omen. Amen!

Bada hori, ez mikro baizik eta makro izan da egunotan emaitzak eman dituen inkesta zer horrena. Makro! Eta hara, emaitzetako zenbakiak dezimalekin eman ere! Tira, zinegotzi kopuruarena momentuz ez, baina laster dezimalekin, erritmo bizian ari baita inkestagintza teknologikoan eraberritzen! Eta kolpea gero, emaitzen zehaztasun handia! Hortaz, hauteskundeak galtzen ari dira lehengo justifikazio hura, burujabe izateko sortu ez diren instituzioak osatzearena, orain arinago eta merkeago egin baitaiteke inkesta baten bidez. Hori bai, makro! Akabo hauteskunde domeketan mahaian ikuskatzaile izatea. Denbora gehiago izango dugu hurrengo makro-inkestaren galderak ulertzeko…