Jon ORMAZABAL
IRUÑEA
BINAKAKO TXAPELKETAKO FINALA

Elordik ere ipini du bere alea Zabaletak utziko duen ondarean

Jokoagatik, inork gutxik izango du gogoan etorkizunean, baina atzo Nafarroa Arenan jokatutako finalak izango du bere lekutxoa Binakakoaren historian, bertan lortu baitzuen Jose Javier Zabaletak laugarren txapela. Laurak, aurrelari banarekin: Irujok, Ezkurdiak eta Elezkanok egindakoari jarraiki, Aitor Elordik badu lekua aspaldiko atzelaririk onenaren alboan.

Elordi-Zabaleta, pozarren, horrenbeste kostatako txapelak jantzita.
Elordi-Zabaleta, pozarren, horrenbeste kostatako txapelak jantzita. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Palmaresean harrapatu ditu Titin III.a, Errandonea eta Fernando Goñi eta, ikusitakoak ikusita, Juan Martinez de Irujo eta Antton Maiz laster berdintzeak ere ez du inor ezustean harrapatuko, azken urteetan etxarrendarrak atzeko koadroetan ezarritako nagusitasuna hain da-eta handia. Normala den bezala, nagusitasun hori denborarekin aldatzen joan da eta berarekin txapelak jantzi dituzten aurrelarien izenei erreparatu besterik ez dago koadroan hartu duen estatusaren berri izateko, nahiz eta aginte makilari eusteko moduan ere izan den garapenik. Aurten, agian, ez dugu kolpez partidak hainbeste hautsi dituen Zabaleta bat ikusi, kolpez Mariezkurrenak gehiago izan daitekeela erakutsi du zenbaitetan, baina horrenbeste eman gabe, egungo Zabaletak segurtasunean ikaragarri irabazi du eta horrek halako final aldrebes batean, asko balio du.

Behin baino gehiagotan aipatu du etxarrendarrak aurtengo Binakakoa sekula baino gogorragoa egin zaiola, eta hor sartzen da jokoan ekuazioak irabazlea izateko beharrezkoa izan duen beste aldagaia: bere lehen parte hartzean, txapela janzten lagundu dion Aitor Elordi. Frontoian euren jokoak berehala bat egin zuen bezala, kantxetatik kanpo ere bikain egin dute bat atzelariaren pausak eta mallabitarraren irriak eta bizipozak, eta elkar osatze hori funtsezko izan da horren txapelketa luzean.

Elordi, hasieratik

Erregulartasunak halako finaletan ezer gutxirako balio izaten duela esan ohi da, eta alde horretatik Laso-Imaz sasoi hobean heltzen zirela zirudien; are gehiago, errekuperatzeko astebete gehiago izanda. Baina azkenerako, aurtengo Binakakoa partida gehien irabazi dituen bikoteak irabazi du; hein handi batean, atzo Nafarroa Arenan, azken lau hilabeteetan izan denera gehien hurbildu den bikotea izan delako.

Txanponaren beste aldean, azken lau asteetan alanbrearen gainean dantzan aritu eta bizirik irten ostean, amildegira erori ziren Laso-Imaz, euren mailarik onenetik oso urrun arituta. Zornotzako play off hartan lortu zuten lehiakortasunaren aztarnarik gabe, aurrean zein atzean, aurkariak baino askoz gutxiago izan ziren eta gutxitan eman zuten garaipena eurena izan zitekeenaren itxura, ezta, atzetik hasi ostean, lehia zortzina berdintzea lortu zutenean ere. Zabaleta jotzaileena ikusi ez genuen arren, Ander Imazek ezin izan zion inoiz bizkarra erakutsi etxarrendarrari eta partida osoan haizearen aurka jokatu behar izan zuten binaka aurrelarien jokoa batere laguntzen ez duen kantxa batean.

Inork zalantzarik bazuen, lehen tantotik baieztatu zuen Aitor Elordik Nafarroa Arenako finalak antz gutxi izango zuela duela hiru aste bi bikoteek handik gertu jokatutako finalerdietako partidarekin. Amestutako partida hasiera izan zuten urdinek 0-5 aurreratuta, baina ez, agian, eurek espero zuten gidoiarekin. Orduko hartan itzali antzera ibili bazen, atzo hasieratik bereganatu zuen tamainako partida batek eskatzen duen protagonismoa eta min egin zien aurkariei, Zabaleta erabat nagusitzera itxaron gabe, erremateak bilatu eta eraginkortasunez amaituz.

Finaletan beste topiko bat izaten da detaileek garrantzi handia hartzen dutela dioena eta horretan ere, bere lehen finalean beterano baten gisa aritu zen mallabitarra. Lehenengoa kenduta, beste sake guztiak altura handia emanez atera zituen, Lasori jokoan sartzeko aukera eman gabe, eta zuzenean tantorik egin ez bazuen ere, jokoaren ekimena eurena izatea lortu zuen. Partidaren bigarren zatian ere, gantxoarekin zabaleko marra bilatu beharrean Laso oinetara jokatuta ere, Bizkarreta-Gerendiangoaren egun okerra are gehiago desbideratzen ere ederki asmatu zuen.

Egun motela

Eta hor egon zen, hein handi batean, Aspekoen garaipenaren giltza, Zabaletari ohi duen gisan agintza kosta bazitzaion ere, parean izan zituen Laso-Imazek ere ia inoiz ez baitzuten behartu etxarrendarra.

Parean izan zuen Ander Imazi berehala nabaritu zitzaion sendotasun falta; aukerako pilota izan zuen gutxietan ere ez zen gai izan Zabaletari bizkarra erakusteko eta hasieratik behar baino pilota gehiago entregatu zituen.

Eta horrek Unai Laso oso baldintza kaskarretan jokatzera behartu zuen. Lortu zuen, tarte motz batean, partidari eustea (8-8), baina egoera horretan, Baikokoen garaipenak perfekziotik jokatzera behartzen zuen Bizkarreta-Gerendiaingoa, eta Labriten duela gutxi hor nonbait ibili zen arren, atzo egun okerra izan zuen eta, tarteka ale ederren bat utzi bazuen ere, pilatutako hutsak gehiegi izan ziren batere oparitu zuen bikote baten aurrean. Gainera, 12-17koan, irrist egin eta aldakan min hartu zuen, jokatzen jarraitu ahal izan bazuen ere.

Baldintza horietan, Elordi-Zabaletak batere arriskatu beharrik gabe, pilota atzean ipiniz, atzelariak azkenerako askatu zuen eskuinaz, zuzenean jo zuten garaipeneraino.