GARA
DONOSTIA

Euskararen kontrako epaiak aztertuko ditu Lakuak

Lanpostuetan euskara eskakizuna deuseztatu duten epaiak aztertuko dituen legelari talde bat osatu du Lakuak, Miren Dobaran sailburuordeak iragarri zuenez.

Miren Dobaran, Lakuako Hizkuntza Politikako sailburuordea.
Miren Dobaran, Lakuako Hizkuntza Politikako sailburuordea. (Patxi BELTZAIZ | FOKU)

Hainbat lanpostutan euskara eskakizuna deuseztatzeko epaiak ohikoak izan dira azken hilabeteetan. Miren Dobaran Lakuako Hizkuntza Politikako sailburuordeak horri buruzko kezka agertu zuen atzo, epaileak EAEko legedia «alboratuta» jokatzen ari direla esanez. Hala, Lakuak legelari talde bat osatu du euskararen kontrako epaiak aztertzeko eta hizkuntza eskubideak errespeta daitezen aurrerantzean eman beharreko pausoak zehazteko.

Oposizio desberdinen testuinguruan, zenbait norbanako eta sindikatuk euskara eskakizuna deuseztatzeko helburuz irekitako bide judizialak aintzat hartu dituzte epaileek. Martxoan soilik, EAEko Auzitegi Nagusiak Uliazpi Fundazioak lan deialdian euskararen ezagutza eskatu izana gehiegizkoa zela ebatzi zuen, eta auzitegi berberak arrazoia eman zion Ondarroako autobus konpainia pribatu bati, zeinak epaileengana jo zuen ez zitzaiolako egokia iruditzen Administrazioarekiko harremanetan euskara maila egokia eskatzea. «Gure legedi osoa alboratuta atera dituzten epaiak ez genituen espero», adierazi zuen Dobaranek Euskadi Irratiko “Faktoria” saioan.

Gogora ekarri zuen EAEk badituela lege propioak lanpostuetako hizkuntza eskakizunak arautzen dituztenak, baina epai batzuetan «aipatu ere ez dira egiten», salatu zuenez: «Oraintsu onartu diren lege batzuk ez dira aipatzen; esaterako, 2016ko Udal Legea. Horrek harritu egin gaitu, baina guri dagokigu gauzak ondo egitea, bi hizkuntza ofizial ditugulako hemen eta erakunde publiko moduan ardurak ditugulako hizkuntza eskubide guztiak errespeta daitezen».

ETORKIZUNEKO BIDE-ORRIA

Ondarroako autobus konpainia pribatuari buruzko auziak eragina izan dezake Administrazio publikoaren kontratazioetan. Irizpide orokor gisa, Lakuako Gobernuarekin kontratuak sinatzen dituzten enpresa pribatuetako langileek euskaraz aritzeko moduko maila behar dute Administrazioarekin izaten dituzten harremanetan, funtzionario publikoen hizkuntza eskubideak bermatu daitezen. Alta, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak baldintza horren kontrako ebazpena eman zuen, erakunde publikoarekin harremanak dituzten kanpoko eragileentzat «inposizio» bat dela argudiatuta. «Enpresa horri eskatzen zitzaion bakarra da gurekin harremanetan jartzeko pertsona euskaldun bat izatea», esplikatu zuen Hizkuntza Politikako sailburuordeak.

Auzitegi Nagusiaren epai honen gisakoak saihesteko eta hizkuntza eskubideak zigilatzeko pausoak emango ditu Lakuak, Dobaranek iragarri zuenez. Momentuz, legelari talde bat osatu du eta erakunde publiko «guztietako» ordezkariak deitu ditu epaiak aztertzeko eta aurrera begirako bide-orri bat adosteko helburuarekin. «Eskuliburu moduko bat osatuko dugu, gure kontratazio teknikarien artean hizkuntza klausulen ezagutza zabaltzeko», esan zuen. Horrek ahalbidetuko du, gaineratu zuenez, EAEko legediak izan ditzakeen ahuldadeak konpondu eta erakunde publiko guztien jarduna irizpide berberen baitan arautzea.

Halaber, esan zuen legelari talde horrek erabakiko duela EAEko Auzitegi Nagusiak Ondarroako autobus konpainiaren auzian aurkeztutako epaiari Lakuak helegitea aurkeztuko dion edo ez.