Asier AIESTARAN
PILOTA

Fisikoki topera egon gabe ere irabazten badakiela erakutsi du Joseba Ezkurdiak

Arbizuarrak meritu handiko garaipena lortu du Eibarren, bi aste inguru lesio baten erruz geldi egon ostean, Erik Jaka menderatuz. Sakeari zuku handia atera dio, sei tanto eginez. Lizartzarrak izan ditu bere aukerak, baina ez du asmatu une erabakigarrietan.

Sakearekin min handia egin zuen Ezkurdiak. Sei tanto lortu zituen zuzenean.
Sakearekin min handia egin zuen Ezkurdiak. Sei tanto lortu zituen zuzenean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Joseba Ezkurdiak meritu handiko garaipena lortu zuen atzo Eibarren, bi aste inguru lesio baten erruz geldi egon ostean, Erik Jakari 22-14 irabazi baitzion final-laurdenetako ligaxkaren lehen jardunaldian. Fisikoki Ezkurdiarik esplosiboena ikusi ez bagenuen ere, sakeari zuku handia atera zion arbizuarrak eta ederki asmatu zuen Jakaren ahulguneak bilatzen.

Lizartzarrak oso bizi ekin zion lehiari. Gantxo bikain batekin ireki zuen markagailua, jokaldi berdinarekin sinatu zuen 1-3koa, eta sake on batekin 1-4 aurreratu zen. Beste batzuetan ez bezala, bazirudien Jakak aldeko emaitzak ematen duen lasaitasun horrekin jokatzeko aukera izango zuela.

Baina hurrengo tantoa partidako gogorrena izan zen 32 pilotakadarekin, eta Ezkurdiaren alde erori zen. Arbizuarrak sakea berreskuratu izana oso garesti ordaindu zuen Jakak. Buruz Buruko egungo txapeldunordeak asko asmatu zuen sakearekin eta pilotakada oso gutxi behar izan zituen markagailuan 13-5 aurreratzeko. Guztira sei tanto egin zituen sakez Ezkurdiak, eta hor egon zen neurketaren gakoetako bat.

Gainera, arbizuarrak pilota ongi atzeratu zuen, altuera emanez, eta Erik Jaka deseroso ikusi genuen eskuin boleaz defentsan. Normalean baino huts gehiago egin zituen postura horretan, eta horrek une batzuetan konfiantza galtzera ere eraman zuen gipuzkoarra. Horixe norgehiagokaren beste giltzetako bat: galdutakoak dezente gehiago izan zituen Jakak -tanto asko sailkatzeko zailak izan arren, guk galdutako 3 apuntatu genizkion Ezkurdiari eta 8 Jakari-.

JAKAREN AUKERAK

Hala ere, Jakak ez zuen amore eman eta borrokan jarraitu zuen. Bere dohain nagusiari tiraka, aurrean pilota bihurrituz alegia, tanto sorta polita egin zuen lizartzarrak eta markagailuan 17-14 hurbildu zen. Ezkurdia fisikoki larri antzean sumatu genuen une horietan, eta Jakak hortxe izan zuen bere aukera partida iraultzeko.

Baina une erabakigarrietan ez zuen asmatu. Sake-errematearen bila joan zen bi alditan, 17-12koarekin lehenik eta 17-14koarekin ondoren; pilotara jartzen ez zuen asmatu eta ezin izan zuen ukitu ere egin. Opari handiegiak, Ezkurdia bezalako aurkari batentzat, eta nafarrak ez zituen alferrik galdu.

Izan ere, aipatutako 17-14ko horretatik zuzenean joan zen arbizuarra 22ra, bost tanto jarraian eginez. Bereziki ikusgarria izan zen 21-14koa, oso urrutitik ezkerrez pilota ezin hobeto irekiz. Lehen puntua eta lasaitasun handia Joseba Ezkurdiarentzat, pasatakoak pasata.

«Oso pozik nago. Sufrituz irabazi dut, baina puntu honek asko esan nahi du niretzat. Partida hasitakoan, berehala konturatu naiz erritmo honetara jokatzeko ez nengoela, eta eskerrak sakearekin asko asmatu dudan. Horri esker, eta ahaleginak asko dosifikatuz, ahal zenean arnasa hartuz, lortu dut 22ra iristea. Hankan ez dut minik sentitu, ez dut sentsazio txarrik izan, eta horregatik ere oso pozik» adierazi zuen Ezkurdiak norgehiagoka amaieran.

Erik Jakak, aldiz, «pena handia» zeukan. «Aspaldiko sentsazio onenak nituen fisikoki, jokatzeko nengoen, borrokatzeko, eta horregatik daukat pena. Une erabakigarrietan ez dut asmatu, eta hortxe joan zait partida. 1-4koan pilota txapara joan zait, 17-14koan pilotak irrist egin dit frontisean, aurrez beste batean ere berdin gertatu zait... Sakearekin ere min handixeagoa egin nezakeen...», hausnartu zuen lizartzarrak. Finalerdietan egon nahi badu, ligaxkako beste bi partidak nahitaez irabazi beharko dituela adierazi zuen.