GARA
BILBO

Pentsiodunek Arartekoaren aurrean eskatu dute DBE ofizioz esleitzeko

Arartekoaren aurrean kexa aurkeztu du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. Duela urtebete galdegin zioten Idoia Mendia buru duen Lakuako Lan eta Enplegu Sailari baldintzak betetzen dituzten pentsiodunei Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI, gazteleraz) ofizioz transferitzeko. Izan ere, 138.120 pentsiodun daude EAEn urtean 9.534 eurotik behera kobratzen dutenak eta, beraz, pobreziaren atalasearen azpitik daudenak. Halaber, beste 69.399 pentsiodunek urtean 6.356 eurotik behera kobratzen dute, eta pobrezia larrian daude.

EHPMren arabera ez dute DBE jasotzen, zaurgarritasun egoeran daudenez eskatu ezin izan dutelako. Horregatik duela urtebete Mendiari idatzia helarazi zioten, baldintzak betetzen dituzten pentsiodunei DBE ofizioz transferitzea eskatuz.

Lehenago Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 1.254 familiari jakinarazi zien etxebizitza eskubide subjektiboa eskatzeko baldintzak betetzen zituztela. Lan eta Enplegu Sailak, ordea, ez dio pentsiodunen eskaerari erantzunik eman, eta hauek Arartekoaren aurrean salatu dute «sailaren pasibotasuna».

«Gure ustez, administrazio publikoek pertsonen eskubideen erabilera bermatu behar dute, eta desberdintasunei, diskriminazioari, prekaritateari eta gizarte bazterkeriari aurre egin eta ezabatu», adierazi dute. Gaineratu dute, bestalde, badaudela adinarekin lotutako faktoreak, hala nola osasun egoera edo belaunaldi desfasea, adinekoek administrazioarekin dituzten harremanetan eragiten duena, harreman hori zailduz.