Martxelo DIAZ
DONOSTIA

Gazte langileen eskubideei buruzko gida eguneratu dute LABek eta Ernaik

Langile gazteen eskubideak jasotzen dituen gida berritu dute LABek eta Ernaik, lan erreformak ezarritako aldaketak bilduz. Langile gazteek lan arloan dituzten eskubideak defendatu ahal izateko, lehen urratsa horiek ezagutzea dela nabarmendu dute, eta gidan pausoz pauso azaltzen dira denak.

Ernaiko Pello Zabartek eta LABeko Oihana Lopetegik aurkeztu zuten langile gazteen eskubideei buruzko gida berria.
Ernaiko Pello Zabartek eta LABeko Oihana Lopetegik aurkeztu zuten langile gazteen eskubideei buruzko gida berria. (Maialen ANDRES | FOKU)

Gazte langileei zuzendutako eskubide gidaren gaurkotzea aurkeztu zuten atzo Donostian LABek eta Ernaik. Gazte erakundearen izenean, Pello Zabartek nabarmendu zuenez, «gazteok belaunaldi krisia bizi dugu. Gure bizi baldintzek okerrera egin eta bizi eredu kapitalista eta patriarkala inposatzen zaigu, bizi proiektu duina garatzeko ezintasuna eraginez».

Lan eskubideen gidaren berritzearekin bide horretan urrats berria eman nahi du Ernaik. «Gazte langileok zapalkuntza egoera partikularra bizi dugu. Ikasketak luzatzera behartuta gaude, lanak eta ikasketak uztartzera, zabor kontratuak gazte izate hutsagatik, kontraturik gabeko lana, langabezia altua, eta abar», azaldu zuen Zabartek.

Horregatik, gazte langileei zuzendutako tresna zehatzen beharra nabarmendu zuen. Gisa honetan, gidarekin eskubideei buruzko oinarrizko informazioa jaso ahal da, hortik aurrera eskubide horiek defendatzeko eta antolakuntzan ere aurre egiteko.

LABen izenean Oihana Lopetegik gaineratu zuenez, gazte langileen krisi egoera ez da hobetu. Are gehiago, okerrera egin du, prekaritate mota berriak agertu direlako. Prezioen igoerak edo zerbitzu publikoen eraispenak ere eragin zuzena dute gazte langileen egoeran.

«Egoera honek langileria gazteari tresnak eskaintzea eskatzen du. Eskubideen jabe izateko, eskubide horien jakitun izan behar da lehenengo. Eskubide horien kontzientzia hartu ondoren, eskubideak borrokatzeko tresnak ere eskaintzen ditu gidak. Azkenik, eskubide murriztailea den marko hau gainditzeko deia egiten du, lan harremanetarako eta babes sozialerako marko propioa defendatuz», gaineratu zuen LABeko kideak.

Lan erreforma

LAB eta Ernairen gida urtetik urtera berritzen da, baina azkenekoz egin zutenetik berrikuntza nabarmen bat dago: 2021eko lan erreforma. «Erreforma horrek eskaintzen dizkigun ustezko onurak desmuntatzen ditugu. Benetako helburua eta filosofia azaltzen ditugu», nabarmendu zuen Lopetegik.

Kontratazioan izandako aldaketak jasotzen dira gidaren berrikuntzan, praktiketan eta prekaritatean arreta jarriz. «Behin-behinekotasunarekin amaitzeko erreforma gisa saldu ziguten erreforma horrek estatistikak aldatu ditu, baina soilik estatistikak aldatzeko helburua zuen», aipatu zuen, behin-behineko kontratuak beste mota batzuetakoekin ordezkatu direlako. «Estatistikak aldatu dira baina gazte langileen egunerokotasunak bere horretan jarraitzen du, prekario eta ezegonkor», adierazi zuen.

Kontratu bat irakurriz

Gidaren berrikuntzetako bat kontratu bat irakurtzeko gakoak biltzen dituen atala da, gazte batek lehen kontratua sinatu behar duenean arreta non jarri behar duen azalduz.

Lopetegik azpimarratu zuenez, kontratu askotan iruzurra da nagusi, ahoz esandakoa eta idatziz jasotzen dena bat ez datozelako. «Momentu horietan horrelako gida bat izateak langile horiek ahaldundu ahal dituela uste dugu».

Iruzur horien artean, dagokion kategoria ez azaltzea eta jardunaldi luzeagoak egitera behartzea dira ohikoenak. Egoera zaurgarriagoan egon ohi diren gazteen artean iruzur gehiago izaten dira.

Honekin batera, gidan langileen eskubideak eta betebeharrak zeintzuk diren, hitzarmen kolektiboa non topatu daitekeen, kontraturik gabe lan egiten dutenen eskubide eta betebeharrak, lan kontratuen amaieran zer egin behar den jasotzen dira gidan.