Maider IANTZI
SUNBILLA

Iratzetik papera egin dute Malerrekan, baina lorpenik handiena ez da hori izan

Iratzetik Paperera egitasmoak askotariko eragileak batu ditu: Malerreka Common, Tecnalia, Don Bosco, Iruñeko Salesianos eta Conexiones Improbables. Herritarrak eta erakundeetako teknikariak ere bildu dira. Garotik papera egitea lortu dute, baina bidea ez da bukatu. Ikertzen segituko dute, eskualdean tailer bat sortzeko helburuarekin.

Iratzetik Paperera proiektuko partaideen familia-argazkia, Sunbillako zubi zaharrean.
Iratzetik Paperera proiektuko partaideen familia-argazkia, Sunbillako zubi zaharrean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Sunbillako udaletxeko arkupean koaderno, orri-markatzaile eta argazkiak paratu zituzten, Iratzetik Paperera proiektuaren erakusle. Ur-ontziak, prentsa, iragazkiak eta orriak lehortzeko pintza eta sokak ere baziren. Papera egitera gonbidatu zuten eta jendeak ilusioz parte hartu zuen. Azaldu zutenez, edozein landarerekin egin daiteke papera, eta eurek ez dute errazena aukeratu. Belazeak zaintzen ez badira, iratzea ateratzen da lehenengo; gero, otea. Malerrekan irazelai ugari dago, eta erabilpenik gabe gelditu den lehengai honi irtenbide bat ematen saiatu dira, hainbat eragile eta balio uztartuz.

Mendietan iratzea bildu, eta papera egitea lortu dute. Tecnaliak mikro-nano fibrak eskuratu ditu garotik. Inork ez zuen halakorik egina. Bi urtez aritu dira elkarlanean, gozatuz, eta ikertzen segituko dute. Otearekin probatuko dute, loreontziak ere eginen dituzte.

Ship2b fundazioak 63 proiekturen artean bederatzi aukeratu ditu bultzada emateko eta horien artean dago Iratzetik Paperera. Azken helburua eskualdean tailer bat sortzea da. Malerreka Common kooperatiban hamabost langile dira, horietatik bederatzi bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonak, eta lan berriak eta onak behar dituzte eurentzat.

Malerreka Commonek luxuzko bazkideak izan ditu: Tecnalia, Don Bosco, Iruñeko Salesianos eta Conexiones Improbables. Hagitz ezberdinak dira eta lehen urratsa elkar ezagutzea izan da. Ezagutzak partekatu dituzte; bioekonomia soziala egin dute; ikasleei eta Malerrekako biztanleei tresnak ematen ahalegindu dira, ideiak garatzeko; antzinako jakintza -papera eskuz egitea eta iralekuak kudeatzea- berreskuratu eta berritu dute; eta sormena aplikatu dute.

Sunbillan bildu ziren partaide guztiak. Herritar ugarik parte hartu zuen. Kezka dute basoaren kudeaketarekin. Bizilagun batek esplikatu zigunez, badira baserriak baina behi gutti dituzte, arbolek ere ez dute aski ematen. Aitarengandik txukun-txukun jaso zuen lurra arazo iturri bilakatu zaio. Ondare hau baloratu behar dela aldarrikatu zuen.

Amets Inda alkateak egin zien denei ongietorria. Isabel Elizalde Malerreka Commoneko kidea da. Berrikuntza soziala egin nahi dute eskualdean, bertan «hagitz ongi bizi eta lan egiten delako».

LANGILE ETA IKASLEAK, BATERA

Mikel kooperatibako langilea da. Bi urteotan ikasleekin lanean aritu denean, haietako bat sentitu da. Zerbait ezberdina egin dute, baina natural. Irakasleek ikasleen esku utzi dute ezagutza transmititzeko ardura eta horrek konfiantza eta segurtasuna eman die. Ikasketan parte hartu dute.

Don Boscoko irakaslea da Mentxu Aiertza. Errenterian du zentro honek egoitza nagusia, baina Tolosan ere badute bertze bat eta bertakoek hartu dute parte egitasmoan. «Iratzeari zurtoina moztu diogu. Bertan dago zelulosa gehiena. Tratatu egin dugu, pasta lortu eta papera egiteko».

Miren Garate Iruñeko Salesianos eskolatik etorri zen. Erran zuenez, «gozamen hutsa izan da prozesua». Lanbide Heziketan badute arte grafikoen arloa eta bertako ikasle talde batek hartu du parte. «Inoiz ez zuten ikusia nola egiten zen papera». Logotipoa diseinatu dute, inprimatzeko teknika ezberdinak probatu, eta koadernoak egin.

Conexiones Improbables berrikuntza aholkularitza txiki bat da. Hamar kide ditu baina nazioartean egiten dute lan eta tokiko proiektu hau hagitz aberasgarria izan da eurentzat, Itziar Puenteren hitzetan.