Alaia SIERRA
GASTEIZ

Euskal eskola publikoa legean defendatzeko dekalogoa sortu dute

«Hezkuntza sistema hobetzeko eman beharko liratekeen urratsak» jasotzen dituen dekalogoa aurkeztu zuen atzo Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak, apirilaren 25ean Lakuak onartutako hezkuntza lege-proiektuarekiko gaitzespena erakutsiz berriz ere.

Gasteizko Parlamentuaren atean agertu ziren.
Gasteizko Parlamentuaren atean agertu ziren. (Endika PORTILLO | FOKU)

«Hezkuntza sistema publiko-pribatua blindatzen duen, euskararen errealitatea kontuan hartzen ez duen eta segregazioarekin amaituko ez duen» EAEko Hezkuntza lege-proiektu berriaren aurka “Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Dekalogoa” aurkeztu zuen Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak atzo Gasteizko Parlamentuaren atarian.

Alde batetik, pribatizazioari dagokionez, eskola publikoak «lehentasun osoa behar duela» defendatu zuten, eta ez daitezela publikoa eta pribatua berdindu. Hortaz, ez dute nahi publikoa ez den eskolarik diru publikoarekin finantzatzea, ezta «merkatuan» dagoen eskola bat ere.

Gainera, eskola publiko «unibertsala, euskalduna, inklusiboa, berdintzailea, parte hartzailea, anitza, konpentsatzailea, doakoa eta laikoaren» aldekoak dira. Laikotasunaren kasuan, lege berriak hezkuntza sistema osoan laikotasuna bermatu behar duela iritzi diote. «Ezin da erlijio eta sinesmen guztiekiko errespetua izan, eskola eremuaren laikotasuna gordetzen ez bada».

Segregazioa «pribatizazioaren ondorio zuzena» dela nabarmendu zuten agerraldian, «klasismoan» oinarritua. Lege berriak «sare publiko bakar eta orekatuaren oinarriak jarri» behar dituela eskatu zuten. Ikasle zaurgarrien «banaketa estigmatizatuen» aurka daude gainera.

Eskola publikoaren %90 D eredua dela adierazi zuten, eta pribatua indartzeak eredu horren «ahultzea» ekarriko duela uste dute, «euskararen ezagutza eta etorkizuna sare publikoan jokatzen baita».

Dekalogoan ere Lakuako Gobernua «egungo egoera diskriminatzailearen erantzuletzat» jotzen dute. Beraien arabera, «ezin du hezkuntza eskubidea itunpeko ikastetxeetan subrogatu, bere betebeharra baita eskaintza publiko kalitatezkoa ematea denei».

SAVE THE CHILDREN, ALDE

Beste ikuspuntu bat du Save the Childrenek, aurrerapausoak ikusi baititu proiektuan. Lehen zirriborrotik «jauzi bat» eman du Lakuak parekidetasunari eta inklusioari lotuta, «arazoa politikoki onartzera igaro baita». Plaza erreserba eta zaurgarritasun indizea txalotu ditu.