GARA
ANDOAIN

Triple A taldeak hildako Joxe Ramon Ansa oroitu dute Xoxokan

Atzo bete ziren 44 urte Triple A talde ultraeskuindarrak Joxe Ramon Ansa gazte andoaindarra hil zuenetik. Bera oroitzeko, omenaldia egin zioten herritarrek.

Santakrutz jaietako bigarren asteburua zen. Lehen asteburuan auzotarrez lagunduta gerturatu zen etxera; bigarren asteburuan, ordea, ez. Xoxokako bidean hilik topatu zuten hurrengo goizean, tiro batekin.

Horren ondotik, manifestazio jendetsuak egin ziren Andoainen gertatua salatzeko. Greba eguna ere izan zen eta Udaleko talde guztiek gaitzespen adierazpena sinatu zuten. 44 urteren ostean ere, herritarrek antolatuta, Xoxokan, Ansaren omenez kokatutako oroitarrian, ekitaldia izan zen.

Bertaratutakoen artean Andoaingo PSEko alkatea, EH Bildu eta EAJko zinegotziak, ultraeskuinak eskualdean hildako beste herritar batzuen senideak zein frankismoko biktimen senideak izan ziren, familiako kide eta Buruntzako auzotarrez gain.

Oroitarrian lore eskaintza egin zuten, bertso batek lagunduta. Horren ostean, familiak eta lagunek eskerrak eman zizkieten bertaratu guztiei, mezu bat argi utziz: «Ez dugu bizitzarik gabeko maiatzik nahi. Joxe Ramon beti gogoan».