GARA
BILBO

Lakuako Berdindu zerbitzuak iaz 648 kontsultari eman zien arreta

LGTBI+ pertsonei eta horien familiei eta hezkuntzako profesionalei informazioa eta orientazioa emateko EAEko Gobernuaren zerbitzu Berdindu-k 648 kontsulta jaso zituen iaz, eta 2.413 irakasleri eman zien aholkua. Gehien emakumeek erabili zuten (%54) eta kontsulta gehienak (%31) sexu- edo genero-identitatearen ingurukoak izan ziren.

Lakuako Gobernuko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak Berdindu-ren bulegoa bisitatu zuen atzo Bilbon. Bulegoko arduradun Sarai Montesek adierazi zuenez, zerbitzuaren lana «funtsezkoa da LGTBI+ pertsonei eta horien familiei laguntza eta orientazioa emateko». «Lesbiana bikote bati ama izateko egin behar dituzten izapideak azaltzetik hasita, gurasoek seme-alabekin dituzten zalantzetaraino», azaldu zuen.

648 kontsultetatik, 163 Araban, 265 Bizkaian eta 220 Gipuzkoan egin ziren; horietatik %69 lehen kontsultan eta %31 jarraipenean.

ESKOLETAN

Hezkuntza arloan, Berdindu Eskolak programak irakasleak, ikasleak eta haien familiak orientatzen eta aholkatzen ditu «sexu- eta genero-aniztasunaren kudeaketan», LGTBIfobia kasuak gertatzen direnean edo trans ikasleren bat «prozesu pertsonalean dagoenean».

Iaz 68 ikastetxetan eman ziren prestakuntza saioak eta 2.413 irakaslek parte hartu zuten; 2021ean baino %16 gehiagok. 799 ikaslek hartu zuten parte tailerretan; horietatik 1.526 Bizkaiko ikastetxeetakoak ziren, 1.487 Gipuzkoakoak eta gainerako 786ak Arabako ikastetxeetan matrikulatuta zeuden.