Aisian euskara monitorizatzeko tresna sortuko du Udaltopek
«Bat, bi, hiru... Eskolaz kanpokoa euskaratik eta euskaraz» leloa du aurtengo Udaltopek. Izan ere, topaketak haurrek eskolaz kanpo euskara gehiago egitea bultzatu nahi du. Horretarako, jardueren hizkuntza egoera monitorizatzeko tresna bat sortzeari ekin dio, elkarlanean.

Udaltopen hasieran 250 lagun bildu ziren atzo, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kulturunean eta internet bidez. Udaletako euskara zerbitzuak elkartzen ditu urtero topaketa honek. Aldiro erronka bereziren bati heltzen diote eta 15. edizio honetakoa eskolaz kanpoko jardueretan euskarak zein toki duen jakiteko sistema bat sortzea dute.
Iñaki Arruti Udaltop Batzordeko kideak eta Eider Gurrutxaga Emuneko teknikariak zehaztu zutenez, 16 urtetik beherako haurrei eta gazteei eskainitako jarduerak aztertuko ditu tresna honek. Prozesuaren hasieran daude, eta zirriborro bat ekarri zuten topaketara, denen artean bigarren bertsio bat osatzeko. Hori lauzpabost udalerritan probatu eta erreminta sortuko dute. Udazkenean udalerri guztien esku uztea da asmoa.
Tresna sinple, estandar eta malgua nahi dute, datu orokor batzuk eskuratzeko; adibidez, herrietan zenbat aisialdi talde eta begirale dauden, zenbat ordu ematen dituzten ikasleek jarduera horietan, zenbat hezitzaile diren gai euskaraz egiteko eta zenbatek egiten duten. Udalerri bakoitza mundu bat dela jakinda, proposamen bat ekarri zuten talde dinamiketan zalantzan jartzeko. Horretan aritu ziren, eta gaur, Udaltopen bigarren egunean, emaitzak aurkeztuko dituzte.
ZORNOTZAKO ESPERIENTZIA
Kirola hagitz lotua dago euskararekin, bada zaintzeko esparru bat. Zornotza, Amurrio eta Aretxabaletan proiektu pilotuak egiten ari dira Lakuako Gobernuarekin. Estitxu Alkorta Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako kideak kontatu zuenez, herri ezberdinetan aplikatzeko modukoa izan daitekeen eredua sortzea da xedea, haurrek eta gazteek kirolean euskara gehiago egiteko, elkarlana eta koordinazioa sustatuz, eragile ugari daudelako tartean: familia, eskola, kluba... eta, gidari, Udala.
Zornotzan 22 kirol elkarteekin hitzorduak banan-banan lotzea izan zen lehen urratsa, diagnosia egiteko. «Oro har, euskararekiko motibazio handia dago, talde bakarrak egiten du paso», zehaztu zuen Rafa Ugalde Udaleko teknikariak. Hurrengo denboraldirako ekintza plana pasatu zieten, eta berriro bildu ziren banaka. «Proposamenak pasatu genizkien, egiteko errazak, oso lanpetuta dabiltzalako».
Hala laburbil daitezke emaitzak: «Elkarte batek erabilera plana egin du, hiru elkartek dekalogoa osatu dute, eta gehienek ez dute ezer egin». Baina batzar bakoitzean sentsibilizatu dira. Konfiantza giroa sortu da. Lankide izan dira. Nabarmendu diren arazoen artean daude entrenatzaileak topatzeko zailtasunak, batez ere euskaldunak, instalazio falta, finantziazio arazoak, elkarteetan ardurak hartzeko errelebo falta eta kudeaketarako formazio falta.
Hemendik aurrera, denboraldi guztietan elkarteekin biltzen segitu nahi dute, zer behar duten ikusteko eta laguntzeko, eta entrenatzaileentzat formazioa eskainiko dute. Interesgarria iruditzen zaie elkarteetako kideen arteko harremanak sendotzea eta saretzea ere. Maiatzean saio bat eginen dute zenbait diziplina nahasiz. Bistaz ezagutzen dute eta harremana sortuko da.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
