GARA
ETXARRI ARANATZ

Euskal presoen aldeko aldarria, Mariñelarena oroitzeko ekitaldian

Pello Mariñelarena 1993. urteko maiatzaren 15ean hil zen Parisko kartzela bateko erizaindegian. Atzo gogoratu zuten Etxarri Aranatzen egindako ekitaldian. Preso guztiak etxera ekartzea «lehentasunezko borroketako bat» dela azpimarratu dute bertan.

Pello Mariñelaren omenez atzo Etxarri Aranatzen egindako ekitaldiko une bat.
Pello Mariñelaren omenez atzo Etxarri Aranatzen egindako ekitaldiko une bat. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Dozenaka lagun bildu ziren atzo, Etxarri Aranatzen, Pello Mariñelarenaren omenezko ekitaldian parte hartzeko. Etxarriarra Parisko presondegi bateko erizaindegian hil zen 1993. urteko maiatzaren 15ean.

Gogoratu zutenez, berandu diagnostikatu eta gaizki artatutako gaixotasun larri baten ondorioz hil zen Mariñelarena. Espetxe politikagatik hil den 35 euskal errepresaliatuetako bat da, hain zuzen.

Haren heriotzaren 30. urtemugaren karietara, “Sorkuntza eta espetxea” jardunaldiak izan dira aste honetan. “Apaiz Kartzela” dokumentala eman dute, eta ondorengo solasaldian Xabier Amuriza mintzatu da; Iñaki Pikabea ‘Piti’ preso ohiaren artelanek osatzen duten “Ekinaren ekinez” erakusketa ikusi ahal izan da; eta mahai ingurua egin dute, ‘Piti’, Jokin Urain ‘Kixkur’ eta Mitxel Sarasketa preso ohi eta Ataramiñe argitaldariaren bultzatzaileen parte hartzearekin.

ZIKLO BATEN AMAIERA

Atzoko ekitaldiak jardunaldi hauen une gorena markatu du. Joxe Aldasorok hasiera eman zion ekitaldiari. Honek Mariñelarenak idatzitako hitzak gogoratu zituen: «Gure begiek zuenetara begiratzen dute, eta zuek aurrera egiten duzuen bitartean, guk ere halaxe egingo dugu».

Eta herria aurrera doala adierazi zuen: «Askatasunaren bidean aurrera goaz, pauso sendoekin. Aldapez eta oztopoz betetako bidean aurrera goaz. Aurrera goaz, zorionez, gure gurdiak, herriak, gero eta bidaiari independentista gehiago eramaten dituelako».

Hitzartze nagusia Aritz Igoak egin zuen, ekimena antolatu duen herritar taldearen izenean. «Euskal Herriak bizirik dirau, besteak beste, espainiarrek eta frantsesek eraiki dituzten kartzeletatik ez direlako soilik malkoak eta aieneak iritsi», esan zuen.

«Zorionez, garai ezberdinetan kartzeletatik pasatu diren euskal herritarrek jakin izan dute, baldintza gogorrenetan ere, beren herriari beraien ekarpen kolektiboa eta indibiduala egiten. Irudimena eta sormenaren bidez. Atzo eta gaurko euskal preso politikoek beti jakin dute herriaren bihotz taupadarekin bat egiten», gaineratu zuen Igoak.

Halaber, «kartzelariak euskal presoen izaera eta nortasun politikoa deuseztatzen» saiatu direla ohartarazi zuen: «Denetatik egin dute presoa eta herriaren arteko lotura eteteko. Urrunketa, isolamendua, tortura, gerra zikina, salbuespeneko espetxe politika eguneroko ogia izan dira euskal presoentzat. Gaur ere, ehun eta hirurogei euskal herritarrek preso segitzen dute Estatu sakonaren aparatuak era guztietako trikimailuak erabiltzen ari direlako presoen etxeratze bidea oztopatzeko ahaleginean».

«Presoek kartzelatik eta herriak kaletik larrutik borrokatutakoak eta irabazitakoak izan dira espetxe politikan egon diren aldaketa guztiak. Oso argi daukagu espetxeak hustea eta preso guztiak etxera ekartzea dela herri honek gaur-gaurkoz duen lehentasunezko borroketako bat», nabarmendu zuen.