Ezkabako presoen omenaldiak emakumeak izanen ditu protagonista
Txinparta elkarteak, Ezkabako urteroko ekitaldian, bereziki oroituko ditu egoera hagitz latzetan familiaren ardura beren gain hartu behar izan zuten emakumeak. Gizon presoak babestu zituzten eta beren azalean sufritu zituzten kartzela eta bertze errepresio modu aunitz. Igandean da San Kristobal gotorlekuan 1934 eta 1945 artean gatibu izan zituzten pertsonak omentzeko hitzordua.

Igande honetan, 1934 eta 1945 bitartean Iruñeko San Kristobal gotorlekuan preso izan zituzten pertsonak omenduko dituzte. Txinparta elkarteak antolatzen du ekitaldia urtero, eta, iragarri duenez, aurtengoa berezia izanen da emakumeak izanen dituztelako gogoan.
Emakumeek familiaren kargu egin behar izan zuten benetan egoera konplikatuetan. Espetxean zeuden gizonen babesa izan ziren eta beren larruan sufritu zituzten kartzela eta bertze hamaika errepresio mota.
Txinparta elkarteak ekitaldira joatera animatu du jendea, eta botila bat eramatea proposatu du, mezu batekin. Marrazki bat izan daiteke, poema bat edo lore bat; bakoitzari bururatzen zaiona.
«Omenaldia amaitzean gurea ez den botila bat eramanen dugu etxera. Gero, nahi duenak Txinpartara bidal dezake aurkitu duen mezua, gure blogean partekatu dezagun. Horrela, konpartitutako memoriaren hariak josiko ditugu», azaldu du.
«FUIMOS MUJERES DE PRESO»
Ezkaba mendiko presoen oroimen ekitaldiak larunbatean hasiko dira, 19.00etan Ostoki zentroan. “Fuimos mujeres de preso” (Presoen andre izan ginen) dokumentala emanen dute han, Eva Abad Castellar eta Irene Abad Buil zuzendariena. Azken honek bere lana aurkeztuko du.
Lehendabiziko omenaldia izanen da hau Memoria Demokratikoaren Legearen negoziaketetan EH Bilduk eta Gobernu espainiarrak 2022ko ekainean lortutako akordioaren ondotik. Itun horretan San Kristobal gotorlekua memoria gune bilakatzeko konpromisoa jasotzen da, bertze gauza batzuen artean. Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean eraikiko da.
IHESALDI JENDETSUA
1938ko maiatzean Europako ihesaldirik jendetsuenetakotzat jotzen dena gertatu zen Ezkaban. 800 preso inguruk egin zuten ihes, hiru edo lau izan ezik gainerako guztiak harrapatu egin zituzten eta 300 inguru fusilatu, batzuk bertan eta bertzeak inguruko mendi eta basoetan. Oraindik gorpu aunitzek desagertuta jarraitzen dute.
Izenik gabe lurperatu zituzten, agudo eta presaka. Frankisten estatu kolpearen baitan Nafarroan 3.000 pertsona hil zituzten eta Ezkaban hildakoak %10 izan ziren.

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
