EDITORIALA

«Eta ondoren gure jendeak onena ematen jarraituko du»

Akatsak egitea normala da, baina erabaki batean atzera egitea ez da ohikoa, tamalez. EH Bilduk ez zuen eztabaida hori nahi, eta militante horiek ez zuten zerrenda horietan joateko interesik. Jakina, ez zuten inor mintzeko xederik; are gutxiago, beren ekintzen biktimen senideak. Ondorioz, hartu duten erabakia zuzena eta argia da, aitzakiarik gabekoa.

Zazpi militanteok hartutako erabakian badago nabarmena den baina gutxitan azaltzen den beste zerbait. Badago mailakatze bat, gauzak ulertzen eta epaitzen laguntzen duten ñabardurak. Dena ez da zuri ala beltz. Konpromiso mailak daude, minaren sakontasun mailak, kalte desberdinak, ardura mailak… Dena ez zen ETA, baina ETA bazen, urteetan milaka pertsonak era batean edo bestean babestu zuten erakunde armatua.

Horko militanteek konpromiso maila gorena zuten, diziplina zorrotza, etika iraultzaile bat. Beren arerioek ere onartzen zituzten balio horiek. Denboraren eta estrategien ondorioz, normalak ziren gauzak arraro bihurtu ziren. Gauza sinpleenak ulertzea zaildu zen. Are eta euskal gatazka politikoa ulertzea ere.

Batzuentzat ezer ez baita nahikoa, eta ezer ez da nahikoa izango. Auzia ez baitira 7 pertsonon, 44 zigortuen, 4.500 hautagaien edo 350.000 bozkatzaileen eskubideak, baizik eta hiru milioi herritarren iritzi demokratikoa. Iraganari heltzen diote, etorkizuna hipotekatzeko. Horiei bazka ematea zital eta arduragabe jokatzea da.

Gaur ETArik ez dago, bere militanteek hala erabaki zutelako. Etorkizuneko gazteei erakundea zer izan zen azaltzeko eskatuta, haren zuzendaritzak hau esan zuen: «Desegitea erabaki genuen, gure onena eman eta gero. Eta ondoren gure jendeak onena ematen jarraitu(ko) du, bakoitzak egokien iritzi dion lekuan».