A. G.
PILOTA

Dario «zaldia» eta Elordi, finalera begira

Pilota hautaketan, biak gustura.
Pilota hautaketan, biak gustura. (Endika PORTILLO | FOKU)

Aitor Elordi eta Dario Gomez ez dira pilotara iritsi berriak, baina bai agian elitera, Mallabiko aurrelaria batez ere. Normala da, nolabait esatearren, adituen artean Jokin Altuna edo, bere baldarrean, Joseba Ezkurdia izatea faboritoen zerrendako buruan dauden bi izenak, baina noski, Altunak eta Ezkurdiak zapatuan jokatuko dute elkarren aurka Iruñeko Labriten eta, ondorioz, Elordi eta Darioren arteko norgehiagokatik ere finalista bat aterako da. Igandean izango da hori, Gasteizko Ogeta pilotalekuan, atzo material aukeraketa izan eta gero, biak ala biak prest eta gogotsu daudela argi geratu zen.

«Sinestezina litzateke txapelketan sartu nintzen moduan sartu ondoren, finala jokatu ahal izatea», onartu zuen Aitor Elordik. «Kantxan dena ematera irtengo naiz, eta espero dezagun sentsazioak orain arte bezalakoak izango direla», adierazi zuen aurrelari bizkaitarrak.

Dario Gomezen indarrari errespetu handia erakutsi zion Elordik, orain arte elkarren aurka buruz buru jokaturiko bi aldietan errioxarra nagusi izan baita.

«Dario zaldi bat da, ezagutzen dugu ondo asko; goitik beherako atleta bat da, buruz buru aurrean izateko dohainez gainezka dagoena. Hona iristeko nori irabazi dion ikusi besterik ez dago. Orain arte jokatu izan dudanetan, bere kolpe horri esker, frontoitik atera izan nau, eta horrela gailentzen zen. Baina orain, eman dudan salto honi esker, ikusi egin beharko da ea dinamikak bere horretan jarraitzen duen edo joko aldetik aldatzea lortzen dudan eta bera ere ezeroso sentitzea lortzen dudan. Dena den, kostatuko zait irabaztea, edo, hobeto esanda, gauzak oso ondo egin beharko ditut nagusitzeko», esan zuen Mallabikoak.

ERASORAKO HOBE

Dario Gomezek Ogeta pilotalekua nabarmendu zuen, «erasorako aproposa» delakoan.

«Piloten aukeraketa baino lehen entrenatzen jardun dut, eta sentsazio oso onak eman dizkit, nahiz eta badakidan partidaren egunean gauzak ondo egitea dela zailena. Pilotaleku honek frontisa apur bat baxuagoa dauka. Botez errestoa egiteko orduan kontuan hartu beharko dugu hori, adibidez. Sakearekin ere min handia egin liteke, batez ere ezker horman sartzea lortuz gero. Eta nire jokoari begira, bi paretakoen bidez ere min egin liteke. Defentsarako da zaila», azaldu zuen.

Nolanahi ere, Elordirekin kontuz ibili beharko dela onartu zuen. «Konfiantzaz gainezka dagoela bistan da, eta ez da oraingo kontua, Lau eta Erdikotik hona olatuaren aparretan baitabil. Halakoetan pilotariari dena aise eta ia nahi gabe ateratzen zaio. Azken neurketan Unai -Laso- mendean hartu zuen eta argi geratu zen zer egiteko kapaz den», ohartarazi zuen.