Osakidetzako ospitaleak jaiegunetako martxan arituko dira gaur eta bihar
Atzoko 22.00etatik biharko 22.00etara bitartean greba deituta dute Osakidetzan. Lakuak ezarritako zerbitzu minimoen arabera, ospitaleetan jaiegunetako ohiko langileek lan egingo dute. Lehen Mailako Arretan, berriz, anbulatorioak larunbatetan irekita egoten zireneko langile-taldea arituko da lanean.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleek jaiegunetan bezala arituko dira gaur eta bihar, hots, sindikatuek Osakidetzan deitutako greba egunetan, Lakuako Lan eta Enplegu Sailak onartutako Gutxieneko Zerbitzuen Aginduan jasotzen denez. 2020ko martxoan koronabirusaren pandemia piztu aurreko «antzeko deialdietarako emandako ohiko gutxieneko zerbitzuak» jasotzen ditu aginduak.
Greba martxan da dagoeneko. Atzo gauean hasi zen, 22.00etan, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek deituta. Osakidetzako 40.000 langile inguru daude grebara deituta.
Osakidetzan azken greba egin eta ia urtebetera, sindikatuek joan den martxoan iragarri zuten deialdi berria, egoera «larria» dela iritzita. Sindikatuek bereziki kezkagarritzat jotzen dute Lehen Mailako Arretaren egoera, eta langileen egoera «gero eta prekarioagoa» dela salatu dute, behin-behinekotasun tasa handia duelako eta lanaren «gainkarga sistematikoagatik».
Sindikatuek adierazi zuten Lakuako Osasun Sailak mobilizazioa beste biderik ez diela utzi, negoziazioa blokeatuta dagoela-eta. Greba iragarri zenetik «egoera ez da desblokeatu, eta mobilizazioekin aurrera jarraitzen dugu», adierazi zion Efe agentziari Amaia Mayor Satseko ordezkariak.
Esther Saavedra ELAk Osakidetzan duen arduradunak esan zuenez, duela urte batzuetatik hona plantilla «oso jakitun» da Osakidetzan gertatzen ari denaz, baina orain herritarrak ere ohartuta daude zerbitzuaren «gainbehera» horretaz, «desegitea eta lan-baldintzen prekarizatzea» gertatzen ari dela.
Ospitaleetan jaiegunetako ohiko langileek lan egingo dute. Era berean, larrialdietako eta sukalde eta janari banaketako zerbitzuetako langile taldea jaiegunetan izaten denaren parekoa izan dadila ezartzen du aginduak. Halaber, dialisi-prozesuak eta tratamendu onkologiko lehenetsiak eta atzeratu ezin direnak mantendu egingo dira zentro horietan.
LEHEN MAILAKO ARRETA
Arlo honetan, osasun zentroak larunbatetan irekita zeudeneko langile berak jardungo dira. Arreta jarraituko guneetan eta larrialdi zerbitzuetan, berriz, ez da aldaketarik egongo.
Araba, Donostialde, Ezkerraldea Enkarterri-Gurutzeta, Bilbo-Basurtu, Uribe, Debabarrena, Bidasoa, Tolosaldea, Barakaldo-Sestao eta Barrualde-Galdakaoko ESIetako dei-zentroetan lan egin ohi duten langileen erdiek lan egingo dute.
Aginduak ezartzen du gaur eta biharko grebarako eskubidea baliatzen ez duten langileek eman behar dituztela zerbitzuak, ahal dela.
Era berean, zehazten du gutxieneko zerbitzu horiek aldatu ahal izango direla, dagozkion administrazio-izapideak egin ondoren, grebaren iraupena kontuan hartuta, edo higiene-arrazoiak, arrazoi biosanitarioak edo gerora sortutako aparteko beste arrazoi batzuk direla-eta.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político
