Ion GARATE
Elkarrizketa
Jokin Altuna
Aspeko pilotaria

«Denboraldia hasi zenetik Buruz Burukoan ilusio berezia nuen»

Gogo berezia du Jokin Altunak Buruz Buruko finalerako txartela lortzeko. Horretarako, Joseba Ezkurdia garaitu beharko du larunbat honetan, Labriten. Partida gogorra aurreikusten du amezketarrak. Ez du uste bera faboritoa denik, modalitate honetan Arbizukoari beti irabazi dion arren. NAIZ Irratiko mikrofonoetatik pasatu da amezketarra.

(Iñigo URIZ | FOKU)

 

Nola iritsi zara finalerdietara joko aldetik?

Garrantzitsuena minik gabe eta fisikoki ondo iristea da. Nire ustez goi mailako kirolean gauza handia da. Urte osoan lehiatzen gara, eta, partidaren bat galdu badugu-edo, buruari bueltaka aritzen gara. Baina gero konturatzen zara gauza ederra dela, minik gabe zaudenean. Alde horretatik ni ondo iritsi naiz, aitzakiarik gabe.

Aurrean Ezkurdia izango duzu. Esan genezake txapelketa ez zuela nahi bezain ondo hasi. Baina Peio Etxeberriaren aurka dagoeneko osatuago ikusi genuen. Nola ikusten duzu arbizuarra?

Hasieran normala zen, min hartuta egon zen. Astetik astera hobeto sentitu da, eta Peioren aurka nik uste dut ez zela aritu %100ean; baina maila on bat eman zuen, eta orain beste bi aste izan ditu hobeto jartzeko. Beti esaten dut, finalerdietara edo finaletara iristen zarenean, aurrean duzun aurkariak beti errespetu handia ematen du. Baina garrantzitsuena da zuk zure mailarik onena ematea. Ez baduzu zure mailarik onena ematen kategoria honetako partidetan, normalean galdu egingo duzu,;eta emanda ere, batzuetan ez duzu irabazten. Ni kontziente naiz dena eman beharko dudala, eta horretan nago, oso kontzentratuta.

Datu batzuk ematearren, Buruz Burukoan bost aldiz gurutzatu zarete Ezkurdiak eta biok. Lau garaipen zuretzat eta iazko ligaxkan jokatu ez zenuena eskuko minagatik; Lau eta Erdikoan, berriz, badirudi neurria hartuta dizula, finaletan behintzat. Buruz Burukoak zuri mesede egiten dizu eta Lau eta Erdikoak Josebari?

Ez dakit. Lau eta Erdian berak justu finaletan irabazi dit. Eta nik dauzkadan hiru txapeletatik bitan bera kanporatzeko aukera izan dut. Emaitzei begira hasten bazara, iruditzen zaizu agian Buruz Burukoan faboritoa ni izan naitekeela eta Lau eta Erdikoan bera. Bi txapelketetan bere aurkako partida guztiak oso lehiatuak izan dira. Askotan detaileetan joaten dira. Larunbatean ikusiko da zer gertatzen den. Aukera hori jakingo banu, esango nizuke (barrez).

 Iaz finaletik kanpo geratu zinen Buruz Burukoan. Aurten gogo berezia duzu?

Bai, bai. Ez dizut gezurrik esango. Elkarrizketetan egia esatea gustatzen zait. Aurten, denboraldia hasi zenetik, nire ingurukoei argi esan nien Buruz Burukoan bai nuela ilusio berezia. Lehengo urtean Binakakoarekin obsesio puntu bat nuen, irabazi nahi nuen; eta energia guztia gauza batean xahutzen duzunean, gero beste leku batean ordaintzen duzu. Lehengo urtean ez nintzen puntu onenean iritsi; aurten behintzat ondo iritsi naiz. Horrek ez dizu ziurtatzen irabaztea, baina gogo handia dut.

Pasatu den astean ezustekoa Elordik eman zuen, Laso mendean hartuta. Hor ikusten da zein zaila den urtero eta txapelketa bakoitzean hor goian mantentzea.

Nire ustez, oso-oso zaila da. Agian pilotari bat ikusten duzu beti hor dabilela, baina pilotari horrek bere gorabeherak dauzka; eta azpitik datorrena, edo kasu honetan Elordi, adibidez, urte oso ona egiten ari da. Normalean tope dabilelako izaten da. Zuk zure gorabeherak izaten dituzu eta, besteak topera dabiltzanean, ez da erraza izaten. Aitor konfiantza ikaragarriarekin dabil urte osoan. Zailena hor goian mantentzea dela iruditzen zait. Ea horri eusten diodan.

Banakako txapelketa kontuan hartuta, azken zortzietan izan zara lau onenen artean, bere garaian Aimar Olaizolak eta Irujok lortutako marka onenak berdinduz. Lasori gertatutakoak, besteak beste, zer pentsatua ematen du. Eta iruditzen zait zuri ere baietz, lortzen ari zarena preziatzeko.

Hala da. Askotan txapelketetan soilik baloratzen da irabazlea. Nire ustez, hor goian bazabiltza, beti daukazu aukera gehiago irabazteko. Zenbat eta partida garrantzitsu gehiago jokatu, orduan eta esperientzia gehiago batzen zoaz eta gehiago ikasten duzu. Niri, alde horretatik, ondo etorri zait. Irabaztea oso-oso zaila da. Nik sei txapel dauzkat, baina beste bost finaletan ibili naiz; eta nik nahiago dut, horrek esperientzia ematen dizulako eta pixkanaka hazi eta hobetzen joaten zarelako.