GARA
BILBO

Galdakaoko bonbardaketako biktimak omendu dituzte 86. urteurrenean

86 urte bete ziren atzo tropa faxistek Galdakao bonbardatu zutela. 1937ko apiril eta ekain bitartean 40 galdakoztar hil zituzten, gehienak airetik jaurtitako bonben bidez. Denera, 28 bonbardaketa izan ziren, eta atzoko egunez jazotakoa izan zen odoltsuena. Egun horretako 16 biktimak omendu zituen Galdakaoko Udalak, haien izenak gogora ekarriz: «Ramona Astigarraga, Encarnacion Basarrate Burgoa, Adelaida Etxebarria Ibarra, Sergia Etxebarria Ibarra, Maria Mercedes Izagirre, Moises Jugo Abasolo, Maria Begoña Moreno Etxebarria, Tomas Lekue Etxebarria, Maria Lourdes Moreno Etxebarria, Maria Pilar Salaberria Egiluz, Tomas Sierra Etxeberria, Isabel Tutor Izagirre, Ascension Ugalde Basauri, Sabino Uranga Ocerin, Maria Manuela Zamakona eta Jose Goiarrola Agirre».

Ekitaldia egin zuen Galdakaoko Udalak, Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea, Yolanda Larrea Galdakao Gogorako kidea, Agurtzane Yurrebaso eta Mari Carmen Tutor hildakoen senideak, ikastolako ikasleak, Maximo Moreno abesbatza, Belen Madariaga zuzendari eta sopranoa, Ainara Rua biolinjolea eta Begoña Rodriguez teklistarekin.

Omenaldian izan ziren, besteak beste, hildakoen zenbait senide eta udal talde guztietako ordezkariak. Alkateak gogora ekarri zuen «beldurraren bidez jendearen buruetan herri zapalduaren ideia sartzen saiatu» zirela. Hernandok elkarte memorialistikoen lana txalotu zuen, Galdakao Gogora eta Aranzadi Zientzia Elkartea aipatuta. «Egia, justizia eta erreparazioa» nabarmendu zituen eta lore eskaintza egin zieten hildakoei.