Bera, Lesaka eta Aranoko uholdeetan ez da inor zauritu, baina kalteak handiak dira
Goizeko lauretan, dei bat. Leihora atera, eta karrika erreka bilakatua. Amesgaiztoa? Bi orduz amorruz hustu ziren hodeiak eta goitika egin zuen Berako Zia errekak. Lesakan eta Aranon luiziak izan ziren. Ez zuen inork minik hartu, baina kalteak handiak dira.

Meteorologoak ere harrituta zeuden atzo goizaldean gertatu zenarekin: metro kubikoko 102 litro neurtu ziren Beran. Etxalar eta Irun ondoko herrietan, berriz, ia ez zuen tantarik bota. Lesakan eta Aranon luiziak izan ziren. Ondorioz, lehenengoan ubide bat itxi eta ura sartu zen etxe batzuetan. Bigarrena, berriz, inkomunikatua gelditu zen zenbait orduz, errepidea moztuta.
Ez zen inor zauritu; kalte materialak handiak izan ziren, ordea.
IKARATIK ELKARTASUNERA
Zia aldetik jo zuen Beran ekaitzak. Gainera, hagitz denbora gutxian izan zen, goizaldeko hiruretatik bostak bitarte gutxi gorabehera. Altzateko plaza laku bat zen, autoek txalupak ziruditen. Aunitz hondatu ziren. Beldurra ematen zuen uraren indarrak. Ateak eta kristalak puskatu zituen korronteak.
Goizaldeko hiru eta erdietarako auzolanean ari ziren beratarrak, eredugarri. Legia, Altzate, Kanttonberri eta Illekueta izan ziren kaltetuenetakoak. Baserri batzuk inkomunikatuta zeuden. Urak metro bateko eta metro eta erdiko altuera ere hartu zuen. Etxabe eta dendetan sartu zen ura; ostatuetan ere bai, sukalderaino. Baratze eta lorategiak hondatu zituen. Oiloak ito. Herria hankaz goiti zegoen. Suhiltzaileak, kamioiak, ur bonbak, mangerak eta denetariko jendea, gazte pila bat tartean, behar zena egiten: lohia ateratzen edo hamaiketakoa eramaten, giro onean. Elkarrizketa aunitzetan oroitu zituzten 1983ko uholdeak.
Katiuskak jantzita zebilen Aitor Elexpuru alkatea ere, herrikideekin, guztia koordinatzen eta garbitzen. Javier Remirez Nafarroako Gobernuko kidea ere bertaratu zen. Kalteei aurre egiteko dirulaguntzak lortzea tokatzen da orain.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
