Alaia SIERRA
EUSKAL HERRIA BIZIRIK MANIFESTAZIOA

Makroproiektuei ezetz esan diete Gasteizko kaleetan

Euskal Herria Bizirik plataformak deituta eta dozenaka eragilek babestuta, lurra «kapitalak konkistatzeko espazioa» ez dela oihukatu zuten. Trenbideko eta energiako proiektu handien aurka, Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritakoak elkartu ziren atzo Gasteizen. Manifestazio jendetsua izan zen eta, antolatzaileen arabera, 5.000 lagun bildu zituen.

Lurra defendatzeko atera ziren kalera atzo Gasteizen.
Lurra defendatzeko atera ziren kalera atzo Gasteizen. (Endika PORTILLO | FOKU)

«Inguru natural izugarriak harri eta porlan azpian galtzen ari dira», salatu zuten atzo arratsaldean Gasteizko erdigunearen kaleetan zehar. Euskal Herri osoko hainbat tokitatik etorritako pertsonek energiako eta trenbideko makroproiektuei ezetz esan zieten eta, merkatuaren logikaren aurrean, lurra defendatu zuten.

Euskal Herria Bizirikek deitutako manifestazioa izan zen arren, 80 bat plataforma, sindikatu eta elkarte baino gehiagok babestutako aldarrikapena izan zen.

Esate baterako, Erdiz Bizirik, Ostia Sarea, Steilas eta LAB sindikatuak, Euskal Herriko Nekazarien Elkartea, Arabako Mendiak Aske eta AHTaren aurkako hainbat plataforma ekimenaren aldekoak dira.

Proiektuok «herritarrak kontuan hartu gabe» eta enpresa handien mesedetan egiten direla deitoratu zuen Josebe Blanco Antzuolako artzain eta aktibistak manifestazioaren amaieran irakurri zuen manifestuan. Esan zuenez, AHTn, erraustegietan zein zabortegietan «dirua xahutzen» ari dira, administrazioen babes osoarekin.

«Lapurreta ekonomikoa» izateaz gain, proiektu handi hauek pertsonen osasunari kalte egiten diotela ohartarazi zuten.

Gainera, landa-eremuaren eta han bizi eta lan egiten dutenen «marjinazioa areagotzen» dutela uste dute.

Hortaz, «natura benetan babestuko duten» politikak exijitu zituzten eta erabakiak herritarrek, eta ez kapitalak, hartzea, «eredu deszentralizatu eta tokikoan» oinarrituta.

Funtsean, «garraio sistema soziala garatuko duten politikak nahi ditugu; eskala txikiko nekazaritza eta abeltzaintza ereduak sustengatuko dituzten politikak; energia berriztagarrien hedapena eta bioaniztasunaren kontserbazioa bateratuko dituzten politikak» nahi dituzte.

Horren harira, «natur ondarea, arkeologia ondarea, gizarte ondarea eta kultura ondarea kaltetuko ez dituen eredu ekosoziala» behar dugula azpimarratu zuten.

INDARRAK BATUTA

Aldarrikapenarekin bat egin zuten eragileek, gainera, beraien kasu zehatzak partekatu eta elkarrekin indarrak batu zituzten.

Nuria Madotzek, NEE-TEN koordinadorako kideak manifestazioan azaldu zuenez, Nafarroan energia fotovoltaikoko eta eolikoko 130 proiektu baino gehiago tramitatzen ari dira, herrialdean sortzen den potentzia hirukoiztuko dutenak, beste leku batzuetara esportatzeko.

Bere ustez, baina, «betiko enpresa handiek gure herriak inbaditu nahi dituzte, gure laborantza eta herri lurrak bereganatuz, ingurumenari eta bertan bizi garen pertsonei eragindako kalte atzeraezinak kontuan hartu gabe». Horren aurrean, mobilizatzeko, kontzientziak pizteko eta beste eredu bat bultzatzeko deia zabaldu zuen.

Interkonexio Elektrikorik Ez plataformaren eta Bizkaiko plataformen izenean, Alberto Camposek «industrializazioan oinarritutako proiektuak» direla salatu zuen. Nori egiten dioten mesede, nor kaltetzen duten, nork ordaintzen dituen eta ondorioak nork jasaten dituen ez dutela esaten ere deitoratu zuen. Hortaz, lurraren mugen araberako berriztagarrien eredu baten aldekoak direla adierazi zuen eta Bizkaia «bereziki zigortuta» dagoela.

Ipar Euskal Herritik Ostia Sareko kideak izan ziren mobilizazioan. Horietako batek gogorarazi zuenez, «jokoan dagoena bizitza da» eta «irabazi arte indarrak uztartu» behar direla nabarmendu zuen.

«Mobilizazioari esker» alde batera utzitako proiektuak gogora ekarri zituen: Getariako Surf-parka, Larun mendiko turismo gunearen zabalkundea eda Lapurdiko urre meategia, adibidez.

«EZ ZAUDETE BAKARRIK»

Nazioarteko babesa ere izan zuten. Mobilizazioaren amaieran Laponiako Sami herri indigenaren Kontseiluko kide Eva Fjellheimek hartu zuen hitza Foruen Plazan. Azaldu zuenez, bere herrian, Statkraft enpresa norvegiarrak egin nahi duen parke eolikoak eragin handia izango du ingurumenean, herritarrengan eta animaliengan.

«Trantsizio energetikoa dela esaten diguten hori ez da trantsizioa, jarraipena baizik. Lurraren gabetzearen eta kolonialismo historikoaren jarraipena, hain zuzen ere», adierazi zuen aktibistak eta aurrez aurre zituen Euskal Herriko eragileei bakarrik ez daudela ziurtatu zien.