Ibilaldia Ondarroan: hauspo erraldoia ikastolei, euskarari eta euskal kulturari
Hirugarren Ibilaldia egin zuten atzo Ondarroan, kresalaz eta euskaraz bustitako herrian. Aurrekoa 2011n izan zen. Ez ziren eguraldi iragarpen ezkorrak bete eta giro paregabea izan zen, batez ere elkartu ziren milaka lagunei esker. Zubi Zahar Ikastolak oso balantze ona egin zuen. Herria jendez bete eta giro sanoa sortu zen. Getxok hartu zuen lekukoa.

Goizean goizetik milaka lagun hurbildu ziren atzo Ondarroara, Zubi Zahar Herri Ikastolak prestatu zuen Ibilaldiaz gozatzera. Gogotsu ibili ziren gune batetik besterako txangoan, askotariko ikuskizun eta tailerretan parte hartzen, beti musika eta dantza lagun. Txiki zein handi, guztiek izan zuten egunpasa eder bat egiteko aukera, eta guztiek eman zieten hauspo erraldoia ikastolei eta euskarari. Hala azpimarratu zioten Estibaliz Urizar eta Ane Martinez zuzendaritzako kideek arratsaldean GARAri.
«Oso balantze ona egiten dugu: herria beteta dago, eta giroa oso ona da, lasai dabil jendea, disfrutatzen, ekimen guztietan parte hartzen», esan zuten. 750 boluntario ibili ziren atzo; aurretik askoz gehiago. Datu adierazgarri bat: «Zaintzan dabilen jendea aspertzen ari da, ez daukalako lanik, giro sanoa dagoelako».
«EZ DA JAUSIKO ZUBIXE»
«Eskutik hartu eta ez da jausiko zubixe ⁄ Geu ga eusten daben herrixe!», dio Turrun Hotsa Aiora Renteria eta Eñaut Elorrietak abesten duten kanta indartsuaren errepikak. Zubi Zahar Ikastolakoek azaldu zutenez, ederki biltzen du beren izaera eta mezua. Duela 50 urte baino gehiago sortu ziren, euskara eta euskal kultura ardatz, lurraldetasunaren ikuspegiarekin, auzolanean. Eta horri eusten diote.
Festaren hasiera ekitaldia egin zuten jolastokian, eta jende asko hurbildu zen. Ikastolako lehendakaria mintzatu zen, Eider Galarraga. Zunbeltz Bedialauneta alkatea eta Josune Bañales Ibilaldiko lehendakaria ere bai, eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko Foru Aldundiko kidea eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua. Umeek koreografia dantzatu zuten.
MEZUA
“XE” izan zuten leloa. Hitz egiteko modu bat ez ezik herri bat ere irudikatu nahi izan zuten. Euskara berea duen herri bat. Mezuan nabarmendu zutenez, ikastolak hasiera-hasieratik aldarrikatu du Euskal Herri osorako hezkuntza sistema euskalduna. «Gure ikastola bizirik egoteak Iparraldeko eta Nafarroako haurrek euskaraz ikasteko aukera edukitzea ahalbidetzen du. Horrela, guztion elkartasunarekin, alde batetik, ikastola berriak sortuz doaz, eta, bestetik, sortuta daudenak sostengatzen dira. Zoritxarrez, gaur egunean ere leku batzuetan ez da posible euskaraz ikastea, eta guk gure haurrak euskaratik eta euskaraz hazi eta hezi nahi ditugu, Ondarroan zein Itsasun, Altsasun zein Alozen, Oreretan zein Etxarri-Aranatzen, Donapaulen zein Oionen».
San Nikolas Ikastolari pasatu zioten 2024ko Ibilaldiaren lekukoa. «Zubiak eraikitzeko zutabeak behar dira eta eredu izan zarete guretzat», adierazi zuten Getxokoek. Testiguarekin batera, lehenengo Ibilaldiko irudia eman zieten San Nikolaseko lagunei, egurrezko mapa bat, lurraldetasunaren, transmisioaren, bideen eta loturen sinboloa.
Ondarroako Zubi Zahar Ikastolak eskerrak eman zizkien jai erraldoi hau posible egin zuten guztiei. Ibilbideak bost kilometro eta lau gune izan zituen, eta ahalegina egin zuten txoko guztietan denentzako moduko edukiak tartekatzeko. 26 ekimen gozagarri izan ziren.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
