Jon ORMAZABAL
PILOTA

1996, manomanisten uzta

Altuna eta Aitor Elordi urte berean jaiotakoak dira, baita finalerdiak jokatu dituen Dario eta txapela birritan jantzi duen Irribarria.

Altunak edo Elordik jantziko dute txapela.
Altunak edo Elordik jantziko dute txapela. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ardozaleenek agian jakingo dute 1996. urteko uzta Errioxan bederen ez zela urtebete lehenago izan zen aparteko mailara heldu, baina urte oso ona izan zen, hala ere, upategietako nagusientzat. Udaberri hotza eta euria batez bestekotik gora egin omen zuen eta horrek zaildu egin zuen, antza, mahatsondoen hazkuntza, baina maiatz alderako epeldu eta urte ona izan zen mahastietako langileentzat. Orduan ez zekiten, baina uzta hura pilotarietan izan zen apartekoa, bereziki, azken asteotan ikusi dugunez, Buruz Burukoari dagokionez. Patuaren kontua izango, baina finalerdietarako sailkatutako lau pilotarietatik hiru, Jokin Altuna, Aitor Elordi eta Dario Gomez urte berean jaio ziren eta antzeko sasoian, gainera. Errioxarra da hiruretan zaharrena, otsailaren 24an jaio baitzen; Elordi, martxoaren 23an, eta lau egun geroago, amezketarra.

Eta urte horretako uzta ez da hiru horietara mugatzen, uztailaren 4koa baita duela hilabete gutxi pilota profesionala utzi duen Iker Irribarria, manomanistako historiako txapeldunik gazteena, denera bi txapelketa irabazi dituena. Asteburuko emaitzei erreparatuta, kinta horretako beste pilotari batek jantziko du urteko garaikurrik preziatuena eta denera bosgarren txapela izango da 1996an jaiotakoena.

27 urterekin sasoirik onenean behar du pilotariak, baina aipatutako lau pilotariek ontze prozesu oso desberdinak, ia muturrekoak, izan dituztela esan genezake, kirolari bakoitzak bere denbora behar duen seinale. Bi gipuzkoarren kasuan aparteko goiztiartasunaz hitz egin genezake. Aramarrari buruz aipatu dugu bera izan zela Buruz Buruko txapela gazteen jantzi zuen pilotaria, 19 urterekin ordura arte Ruben Belokik 1995etik zuen marka hautsita. Jokin Altunari gehiago kosta zitzaion Manomanistako lehen txapela eskuratzea; 22rekin lortu zuen lehen aldiz, baina historia osoan Juan Martinez de Irujo handia izan da hiru distantzietako garaipenak amezketarrak baino gazteago lortu dituen bakarra.

Xalton Zabalaren aginduetara Amezketako Zazpi Iturri klubean hazitako bi pilotari hauei ume-umetatik ikusten zitzaien sailetik apartekoak zirela eta, alde horretatik, inor gutxi harritu zen horiek puntaren puntan ikustean. Irribarriaren lehen txapelak, bai, denok ezustean hartu gintuen bere gaztetasunagatik eta, batez ere, aurkariak gainetik kentzeko erakutsitako erraztasunagatik.

ONTZE NATURALA

Baina esan bezala, Altuna III.aren eta Irribarriaren kasuak ohiz kanpoko kasuak dira, oso noizean behin irteten diren pilotariak dira biak ala biak eta, alde horretatik, prozesu normalagotzat jo ditzakegu Aitor Elordi eta Dario Gomezenak. Pausoz pauso, su txikian, ez zailtasunik gabe, egositako pilotariak dira biak. Talentu gazteekin gero eta pazientzia gutxiago izaten den kirol profesionalean pilota ez da salbuespena, eta hala Dariok nola Aitor Elordik hanka bana izan zuten Aspeko koadrotik kanpo, espero ziren emaitzak lortzen ez zituztelako.

2019ko Buruz Burukoan jantzi zuen Ezkaraikoak orain arteko bere txapel bakarra, justu Elordiri Labriten 22-12 irabazita. Urte horretan bertan, Promozioko Binakakoa irabazi zuen mallabitarrak Oier Etxeberriarekin eta 2020koan kaiolakoan ere gailendu zen, finalean Egiguren egurtuta.

Garaipen horiei esker lehen mailan lehiatzeko aukerak lortu zituzten errioxarrak eta bizkaitarrak eta, estelarretan lekurik egiterik lortu ez duten arren, azken bi urteetan egin dute eztanda. Dariok duela bi urteko Buruz Burukoan finalerdiak harrapatu eta bizkaitarrak Lau eta Erdikoan hasi zuen urte bikainarekin, lehen mailako Binakako txapela Zabaletarekin jantzita. Eta bere ibilbidea ez da horretan geratu, nahiz eta aurtengo Manomanistan aritzea ez zegoen ez bere ez enpresaren planen artean.