Alfontso DIEZ

BALEA-TXALUPA G0ZOA ERAIKITZEN

Albaola eta Euskal Herri osoko gozogile talde bat proiektu berritzailea gauzatzen ari dira: txokolatezko balea-txalupa bat.

Lanean ari diren gozogileetako batzuk, ontziaren kaskoari txokolatea gehitzen.
Lanean ari diren gozogileetako batzuk, ontziaren kaskoari txokolatea gehitzen. (GOZOA)

Gozoa elkartean bildutako gozogile eta txokolategile talde bat (Euskal Herri osokoak) eta Albaola Itsas Kultur Faktoria proiektu “gozo” batean buru-belarri ari dira: “San Juan” ontziaren azpian aurkitutako XVI. mendeko balea-txaluparen txokolatezko erreplika eraikitzen ari dira. Eta badoa pixkanaka aurrera. «25 bat egunez ontzi-kaskoan lanean jardun ondoren, ostirala egun garrantzitsua izan zen: ia 1.000 kilo txokolateri buelta eman zitzaion eta moldea atera zen barruan lanean jarraitzeko», jakinarazi dute. Zortzi metro luze eta bi zabal da ontzia, eta erronka potoloa da sustatzaileentzat: «Hasieratik eremu ezezagunean egin dugu lan. Alde batetik, Albaolak ez du inoiz material horretako ontzi batekin lan egin, ezta horrek dakarren manipulazioan ere. Eta, bestetik, txokolategile eta gozogile artisauek ez diote inoiz aurre egin neurri horretako lan bati». Ostiraleko urrats inportantearen ostean, barnealdea sendotu eta apaintzea geratzen zaie orain. Lanak amaitzeko epea ere gainean dute dagoeneko: ekainaren 1ean, 13.30ean, uretaratuko baitute. Ondorengoa ere onartu dute: «Guztiok buruan dugun zalantza da: flotatuko al du?».